Gizartea -

ESKOLA GARRAIOA

Jaurlaritzak atzera egin du, eta bi urteko haurrek eskola-garraioa izango dute

Baimen berezia eman die ikastetxeei bi urteko haurrek eskolako autobusa erabiltzeko aukera izan dezaten. Behin-behineko neurria izango da, eskola-garraioari buruzko dekretua aldatu bitartean.

Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Artxiboko argazkia: EFE
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua. Artxiboko argazkia: EFE

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak atzera egin du, eta bi urteko haurren eskola-garraioa onartu du orain, Berria egunkariak gaur zabaldutako informazioaren arabera. Azken asteetako polemikaren ostean, Jaurlaritzak baimen berezia eman die sare publikoko ikastetxeei, bi urteko haurrek eskolako autobusa erabiltzeko aukera izan dezaten. Antza denez, ostiralean igorri zieten irizpide aldaketari buruzko oharra Bizkaiko sare publikoko eskolei.

Behin-behineko neurria izango da, harik eta eskola-garraioari buruzko dekretua aldatu arte. Bitartean, ordea, hiru urtetik beherako haurrek ez dute eskolara autobusean joateko arazorik izango.

Duela bi aste ezarri zuen debekua Jaurlaritzak, segurtasun arrazoiak argudiatuta. Izan ere, 2015eko eskola garraioari buruzko dekretuaren arabera, autobusak ez daude hiru urtetik beherako haurrentzat egokituta.

Debekuak ezinegona eragin zuen guraso askoren artean, landa eremuetan batez ere, eta kontziliazioari oztopoak jartzea egotzi zioten Hezkuntza Sailari.

Dena dela, neurria behin-behinekoa da, eta Eusko Jaurlaritzak eskola-garraioa arautzen duen dekretua aldatzeko lanean jarraituko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Eskola Publikoa bideoak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntzako albisteak 2024