Gizartea -
Eskandalua
Bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Nobel Akademiako sexu-auziaren protagonistari
Jean-Claude Arnault argazkilaria egotzitako bi bortxaketa kasuetako batengatik zigortu dute.
Agentziak | Erredakzioa
Bi urteko kartzela-zigorra ezarri diote Jean-Claude Arnault 72 urteko argazkilari frantziarrari, egotzitako bi bortxaketa kasuetako batengatik zigortu ostean. Nobel Akademian izandako eskandalu sexuala dela-eta, Literaturako Nobel saria bertan behera gelditu da aurten.
Iaz, 18 emakumek jazarpenak eta erasoak egotzita Arnaulten kontrako salaketak jarri ostean, Suediako Fiskaltzak bi kargu aurkeztu zituen Nobel Akademiako kide baten senarra den horren kontra.
Stockholmeko auzitegi batek bi urteko kartzela-zigorra ezarri dio 2011n emakume bat bortxatzeagatik, baina absolbitu egin du hilabete geroago ustez gertatutako beste bortxaketa batengatik.
"Auzitegiarentzat froga nahikoak daude akusatua errudun jotzeko", esan du Gudrun Antemar epaileak.
Arnaulten auziak Nobel Akademia astindu du, ez soilik sexu eskandaluagatik, baizik eta saridunen izenen gaineko hainbat filtrazioren atzean egon daitekeelako. Arnaulten emazteak, Katerina Frostentonek, eta beste hainbat kidek beren kargua utzi behar izan zuten eskandaluagatik, duela bi mende baino gehiago sortu zenetik elkarteak jasan duen krisirik larrienaren ondorioz.