Gizartea -

Minbiziaren ikerketa

James Allisonek eta Tasuku Honjok jasoko dute 2018ko Medikuntzako Nobel saria

Sistema immunearen erregulazio negatiboaren inhibizioan oinarritutako minbiziaren harira garatutako terapiengatik sarituko dituzte bi zientzialariak.

Argazkia: Stockholmeko Karolinska Institutua.
Argazkia: Stockholmeko Karolinska Institutua.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

James P. Allison estatubatuarrak eta Tasuku Honjo japoniarrak jasoko dute Medikuntzako Nobel saria, minbiziaren aurka egindako terapien ikerketengatik, Stockholmeko Karolinska Institutuak astelehen honetan jakitera eman duenez.

Sistema immunearen erregulazio negatiboaren inhibizioan oinarritutako minbiziaren harira garatutako terapiengatik jasoko dute saria bi zientzialariek.

 

 

Allison 1948an jaio zen, Texasen (AEB), eta sistema immunologikoan galga egiten duen proteina bat ikertu, eta proteina horrek minbiziari aurre egiteko izan dezakeen garrantzia garatu du. Ondorioz, gaixoak artatzeko ikuspuntu berri bat garatu du.

Honjo, berriz, 1942an jaio zen, Kyoton (Japonia), eta minbiziaren aurrean galga moduan aritzen den proteina bat aurkitu du zelula immunitarioetan. Horri esker, minbiziaren aurkako terapia eraginkorragoak lortu dira.

Medikuntzako golardoaren ostean, Fisikako, Kimikako eta Bakearen Nobel saridunen berri emango dute datozen egunotan. Astelehenean, berriz, Ekonomiako Nobelaren txanda izango da.

Saridun bakoitzak 870.000 euro jasoko ditu, eta saridun bat baino gehiago egonez gero, banatu egingo dute.

Sariak abenduaren 10ean emango dituzte Stockholmeko Konserthusen eta Osloko Udaletxean egingo den zeremonian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Minbizia Japonia Nobel sariak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Sendagaiak