Gizartea -

Fort Lauderdaleko auzitegia

Pablo Ibarren epaiketa berria 'luzea' izango dela ohartarazi du epaileak

“Auzi batzuk konplexuagoak dira, eta denbora asko behar dute. Hau horietako bat da”, esan die Dennis Bailey epaileak epaimahaia osatzeko deitu dituzten hautagaiei.

Pablo Ibar epaiketa hasieran. Argazkia: EFE
Pablo Ibar epaiketa hasieran. Argazkia: EFE
Pablo Ibarren epaiketa berria 'luzea' izango dela ohartarazi du epaileak

1:17

ERREDAZKIOA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren epaiketa berria hasi da gaur Fort Lauderdalen. 1994an, Floridan, egindako hilketa hirukoitza leporatzen diote. Epaiketa urtarrilera arte ez bukatzea eta auzi konplexua izango dela esan die epaileak epaimahaikide posibleei.

Epaimahaiko 12 kideak aukeratzeko prozesua abiatu du gaur Dennis Bailey epaileak Fort Lauderdalen, Miamitik 45 kilometrora. Ibarri egingo dioten laugarren epaiketa izango da. 46 urteko gizonak 24 urte eman ditu preso, Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rogers hiltzea egotzita.

50 pertsonak, horien erdia emakumeak, agerraldia egin dute gaur, epaimahaiko 12 kideak aukeratzeko. Ibar errudun jo ala ez erabakitzeko erantzukizuna izango du epaimahaiak.

Akusatua, trajez eta gorbatarekin jantzita, eskuburdinez lotuta eta kateaturik heldu da, baina saioa hasi denean bilurrak kendu dizkiote. Horrela, epaileak epaimahaikide posibleei eginbeharra eta auzitegien egutegia azaltzen zien bitartean, oharrak hartu ahal izan ditu Ibarrek.

Jose Manuel Ibar Urtain boxeolariaren lobak 16 urte eman ditu heriotzaren korridorean, baina duela bi urte Floridako Gorte Gorenak zigorra baliogabe utzi zuen, zigortuaren aurka aurkeztutako frogak “eskasak” eta “ahulak “ izan zirelako.

 

Bailey: "Hau ez da zineman edo telebistan bezala, noiz bukatuko den dakizunean"

 

Auzi oso konplexua dela esan die Bailey epaileak epaimahaikide posibleei. Horregatik, litekeena da bigarren fasea urtarriletik aurrera luzatzea. “Laguntza behar dugu”, azpimarratu du.

Saioak egunero izango direla argitu du epaileak, Eguberrian eta Esker Emate Egunean izan ezik. “Hau ez da zineman edo telebistan bezala, noiz bukatuko den dakizunean”, ohartarazi die.

“Auzi batzuk konplexuagoak dira, eta denbora asko behar dute. Hau horietako bat da”, esan die Baileyk epaimahaia osatzeko deitu dituzten hautagaiei.

IBAR BAILEY EFE

Dennis Bailey epailea. Argazkia: EFE

Errugabetasuna demostratzeko “sekula ez bezala borroka” egingo dutela nabarmendu zuen Tanya Quiñones Ibarren emazteak larunbatean. Quiñones ez da auzitegian izan. Maria Mercedes Quiñones arreba eta Candido Ibar aita, aldiz, bai joan dira. Nahiz eta epaiketa berriaren zain denbora eman, “urduri” zegoela aitortu akusatuaren aitak.

Orain arte hiru epaiketa egin dizkiote Ibarri, horietako batean epaimahaiak ezin izan zuen aho batez erabaki, beste bat baliogabe utzi zuten eta hirugarrena, 2000n, heriotza-zigor batekin bukatu zen, baina 16 urte geroago baliogabe utzi zuen Floridako Gorte Gorenak, berriz epaitzeko agindua emanez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak