Gizartea -

2018-2019 ikasturtea

EHU, euskal dantza tradizionalari buruzko titulua eskaintzen duen lehena

Ikasketa osagarri gisa dago planteatuta, eta irakasleen artean Jon Maya (Kukai), Juan Antonio Urbeltz (Argia) edota Oier Araolaza bezalako dantzari eta koreografo ezagunak ditu.

Dantzari batzuk saio batean. Argazkia: EHU
Dantzari batzuk saio batean. Argazkia: EHU
Dantzari batzuk saio batean. Argazkia: EHU

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"AEBko eta Europako beste unibertsitate batzuen antzera, herri kulturaren adierazpide jatorrari eskainitako graduondoa" eskainiko du aurten Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU); zehazki, euskal dantza tradizionalaren inguruan. Halakorik eskaintzen duen lehen unibertsitatea da EHU.

'Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara' izeneko graduondokoa dantzariei, dantza irakasleei eta euskal dantzan trebatuta daudenei zuzenduta dago. Irakasleen artean, izen handiko dantzari eta koreografoak daude: hala nola, Jon Maia Kukai konpainiako zuzendari eta dantzaria, Juan Antonio Urbeltz ikerlari eta Argia taldeko zuzendaria, eta Oier Araolaza antropologo eta dantzaria.

Badira gehiago: Iñaki Irigoien ikerlari eta dantzaria, Patxi Laborda eta Sabin Bikandi AIKO taldeko kideak (Bikandi etnomusikologian doktorea ere bada), Iñaki Goirizelaia Amilotx taldeko zuzendari eta EHUko errektore izandakoa, eta Claude eta Jon Iruretagoyena (Maritzuli dantza konpainia).

Graduondokoak bederatzi hilabeteko iraupena du (urritik ekainera), eta hiruhileko hiru modulutan banatu dute: "Euskal Dantzaren teoria eta historia", "Tradiziotik sorkuntzara, esperientzia eta ekarpen berriak" eta "Musika, dantza eta pedagogia". Ikasleek dantzen ibilbide teorikoa jasoko dute bertan, bertsio tradizionaletik egungo abangoardiako adierazpenetara.

Eskolak astearte eta ostegunetan izango dira, 15:30etik 20:30era, Leioako Campuseko Hezkuntza Fakultatean. Modulu horietako bakoitza (100 ikastordu bakoitzak) modu independentean egin ahal izango da, ikastaro osagarri kalifikazioa du eta 10 kreditu emango ditu. Hori dela eta, diploma osatzeak 30 kreditu emango ditu guztira.

Izena emateko epea zabalik dago EHUren webgunean (900 euro; 300 euro, modulu bakoitza).

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Kultura Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Dantza