Gizartea -

Indarkeria matxista

Ehunka lagun bildu dira Andoainen bi emakumek jasandako erasoak salatzeko

Gizon bat atxilotu zuten atzo bi emakumeri ukituak egitea egotzita.

Udaletxe aurrean egin dute bilkura. Argazkia: Andoaingo Udala
Udaletxe aurrean egin dute bilkura. Argazkia: Andoaingo Udala
Udaletxe aurrean egin dute bilkura. Argazkia: Andoaingo Udala

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

300 bat lagun elkartu dira gaur Andoainen, atzo bi emakumeren kontra egindako sexu-erasoak salatzeko. Gizonezko batek kalean ukituak egin zizkiela salatu zuten biek, eta Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu zuen gero.

Udalak deituta, erasoak gaitzesteko elkarretaratzea egin dute arratsalde honetan herrian, 'Emakumeen aurkako indarkeriarik ez' goiburupean. Ane Karrere alkatea eta udal taldeetako ordezkariak izan dira bertan.

Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak adierazpena kaleratu du bi erasoak "irmotasunez" gaitzesteko, eta erakunde horrek "emakumeen giza eskubideen urraketa gehiagorik" onartuko ez duela berresteko.

Indarkeria matxista "arazo estrukturala" dela eta "emakumeen gaineko kontrola eta nagusitasuna betikotzeko" helburu duela ohartarazi du Aldundiak ohar batean. Halaber, indarkeria matxistak "emakumea gizonen pareko herritar gisa aitortzea" saihesten duela erantsi du.

___________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Andoain Albisteak Matxismoa