Gizartea -

Epaia

Espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri diote Alicia haurraren hiltzaileari

Gainera, Arabako Probintzia Auzitegiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri dio Aliciaren hiltzaileari haren ama hiltzen saiatu zelako.

Aliciaren hilketaren epaiketa. Argazkia: EFE
Aliciaren hilketaren epaiketa. Argazkia: EFE
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria Alicia haurtxoaren hiltzailearentzat

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri dio Gasteizen 17 hilabeteko Alicia haurra hil zuen musika irakasleari, 2016ko urtarrilaren 25ean umea leihotik behera botata hiltzeagatik. Lehenengoz jarri du EAEko epaitegi edo auzitegi batek zigor hori.

Gainera, Arabako aipatu auzitegiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Aliciaren hiltzaileari, haren ama hiltzen saiatu zelako. Burgosen bizi zen, hain zuzen, Aliciaren ama, eta aste batzuk lehenago ezagutu zuen, Internet bidez, Sevillako musika irakaslea. Hilketa gertatu zenean 18 zituen Aliciaren amak.

Epaia gaur bertan kaleratu dute, eta zinpeko epaimahaiak aho batez hartu du erabakia. Hiltzaileak berak ere aitortu zuen umea leihotik bota izana, urtebeteko umeak "gaizkiaren hazia" zuela argudiatuta. Nolanahi dela, epaimahaikideek ez dute onartu hiltzailearen defentsak esandakoa, alegia, haurra hil zuenean "eroaldia" zuela.

Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta Clara Campoamor Elkarteak zuzendutako herri-akusazioak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuten hiltzailearentzat. Hori dela eta, zigorra berrikusi arte 25 eta 35 urte bitartean egon beharko du espetxean hiltzaileak, eta defentsak ezingo du horren aurkako helegiterik aurkeztu.

Gainera, 130.000 euro ordaindu beharko dizkio Aliciaren amari, 100.000 aitari, 1.300 Gasteizen etxea alokatu zion gizonari, eragindako kalteengatik, eta 4.130 euro Burgosko ospitaleari. Hantxe artatu zuten Gabriela (Aliciaren ama).

Epaiaren arabera, Gabriela eta haren alaba lo zeudela, Daniel (hiltzailea) logelan sartu zen. Orduan, eskua jarri zuen haurtxoaren bular gainean, eta Aliciaren ama esnatu egin zen. Besotik tira egin zion hiltzaileari, eta hark hainbat kolpe eman zizkion. Ondoren, ileetatik heldu zion eta lurrera bota zuen, hil egingo zuela oihukatzen zion bitartean.

Danielek leiho ondora eraman zuen Gabriela, arrastaka. Ukabilkada batekin leihoko kristala hautsi zuen, eta handik botako zuela esan zion. "Hiltzeko asmoa" zeukan, beraz, leihotik botatzen saiatu baitzen. Alabaina, helburua lortu ez zuenez, kristal zati bat hartu zuen eta lepoan sartu zion.

Egoera horren aurrean, Alicia bere amarengana gerturatu zen. "Ezustean eta hiltzeko asmoz", 11 kilo eta 84 zentimetro besterik ez zituen umea eskuetan hartu zuen eta hautsita zegoen leihotik behera bota zuen.

Horrez gain, epaiak argi utzi du ez dutela frogatu Danielek eskizofrenia paranoidea jasaten zuenik, ezta marihuanaren eta alkoholaren kontsumoak gaixotasun horren sintomak areagotu zituenik ere.

"Hasiera batean, behintzat, aurreko egunean ezagutu duen neska batekin sexua praktikatu duen pertsona batek erakutsiko lukeen jarrera izan zuen, berriro ere etxera gonbidatu baitzuen, harremanak izateko asmoarekin edo. Horrek guztiak eta ertzainek zein psikiatrek egindako adierazpenek baztertu egin dute hiltzailea gaixo egotea", epaiaren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Umeak Espetxeak