Gizartea -
Epaia
PSG taldeko zortzi zale zigortu dituzte Bilbon 2011n izandako istiluengatik
Zigorrak eten du Auzitegiak, delitu gehiago ez egiteko baldintzarekin. Dena dela, istiluetan zauritutako lau lagunei kalte-ordaina eman beharko diete jarraitzaile frantsesek.
EITB.EUS
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hainbat hilabetetako zigorra ezarri die Paris Saint Germain (PSG) talde frantseseko zortzi jarraitzaileri Bilbon 2011n izandako istilu larriak direla eta. Zigorrak etetea erabaki du Auzitegiak, delitu gehiago ez egiteko baldintzarekin. Dena dela, istiluetan zauritutako lau pertsonari kalte-ordaina eman beharko diete.
Gertakariak 2011ko irailaren 29an jazo ziren, Areiltza Doktorearen zumarkalean, Athletic eta PSG taldeen Europa Ligako partida hasi baino lehen. Bost lagun zauritu ziren, horietako bat larri, eta kalteak izan ziren hainbat tabernatan.
Zortzi jarraitzaileen aurkako epaiketa ekainean egin zuten. Akusatuek akordioa lortu zuten Fiskaltzarekin, eta horren emaitza da gaur kaleratu den epaia.
Desordena publikoak, lesioak, kalteak eta agintaritza-agentearen kontrako atentatua egotzi diete, baina zigorra etetea erabaki du Auzitegiak, akusatuek bi baldintza bestez gero: delitu gehiago ez egitea eta biktimei kalte-ordainak ematea.
Zauritutako lau pertsonei kalte-ordaina eman beharko diete. Kalte-ordain handiena, 164.000 eurokoa, burezurreko traumatismo larria eta haustura izan zuen gazte batek jasoko du. 209 egun eman zituen bajan; bajan 153 egun eman zituen beste biktima bati 8.874 euroko kalte-ordaina eman beharko diote. Horrez gain, kalte-ordaina jasoko dute tabernan kalteak izan zituen ostalari batek, ertzain batek eta Osakidetzak (Basurtuko Ospitalean artatu zituzten zaurituak).