Gizartea -
ESPEZIE BABESTUA
Duela 20 urtetik Euskal Herrian ikusten ez zen zetazeo bat, hilzorian, Getarian
Ambar Itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkarteko boluntarioak portutik irtenarazten saiatu dira baina ezinezkoa izan da eta ondorengo orduetan hil egingo dela uste dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipar-mutur izurde bat, Euskal Herriko uretan ikustea oso zaila den sakonera handiko zetazeoa, noraezean dabil, hilzorian, Getariako portuan. Ambar Itsas faunaren ikerketa eta babeserako elkartetik jakitera eman dutenez, sei metroko luzera du eta gorputz osoan zauriak eragiten ari zaio bere buruari harkaitzen kontra.
Ambar elkarteko boluntarioak goizean goizetik aritu dira handik atera nahian, eta Guardia Zibilaren laguntza ere izan dute, baina ez dute lortu portutik irtenaraztea, eta arratsaldean, saiakera bertan behera uztea erabaki dute.
Animaliaren estres egoera ikusita, eta egoera boluntarioentzat ere arriskutsua bilakatu dela kontuan izan, boluntarioek etsi egin behar izan dute. Ambarreko ordezkari batek Euskadi Irratiari esan dionez, "hil egingo da laster ziur aski".
Zetazeoak berak eragindako zauriak. Argazkia: Ambar
Duela 20 urte ikusi zen azken aldiz horrelako animalia bat Euskal Herrian. Izan ere, ipar-mutur izurdea (Hyperoodon ampullatus) Ipar Atlantikoan ibiltzen da, Kanada eta Eskozia artean normalean.
Duela 40 urte espezie babestu izendatu zuten eta geroztik debekatuta dago harrapatzea.
Atzo, Zarauzko bizilagunek animalia berbera grabatu zuten han, odoleztatuta, baina kasu hartan, itsasora irtetea lortu zuen (@KalisperaPlanet-en bideoa):