Gizartea -
Proba pilotua
Gauean bi geltokiren artean autobusetik jaisteko aukera emango du Bizkaibusek
Proba pilotua aurki abiatuko dute. Oraingoz, hiru lineatan izango du eragina: Bilbo eta Mungia artekoan, Bilbo eta Santurtzi lotzen dituen linean eta Etxebarri eta Galdakao arteko lotura zerbitzuan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bizkaibus garraio zerbitzuak bi geltokiren artean autobusetik jaisteko aukera emango du, hilabete honetatik aurrera. Emakumeen segurtasuna bermatze aldera, bereziki, aukera hori eskainiko du Bizkaibusek, hiru hilabetez. Izan ere, proba pilotua egiteko asmoa dute, zerbitzuak nola funtzionatzen duen ikusi arte, Miguel Angel Gomez Viar Garraio, Mugikortasun Lurralde Kohesiorako Bizkaiko diputatu berriak gaur esan duenez.
Uztailaren 11n hartu zuen kargua PSE-EEko diputatuak, Vicente Reyesen lekua betetzeko. Bi hilabete geroago, Bizkaiko Batzar Orokorren garraio batzordean egin du lehen agerraldia. Han, legegintzaldia bukatu arte bere sailak aurreikusi dituen proiektuak aurkeztu ditu Gomez Viarrek.
Besteak beste, aurreratu du irailean hiru hilabeteko proba pilotua hasiko dutela, eta horrek hiru lineatan izango duela eragina: Bilbo eta Mungia artekoan, Bilbo eta Santurtzi lotzen dituen linean eta Etxebarri eta Galdakao arteko lotura zerbitzuan, hain zuzen ere.
22:30etik aurrera egingo dituzten proba horien helburua da halako neurri batek dakartzan "zailtasunen" berri izatea, Garraio diputatuak azaldu duenaren arabera.
Bilbobusek ere, eraso sexistak saihesteko, antzeko zerbitzua duela gogora ekarri ostean, Gomez Viarrek adierazi du ez dela gauza bera zerbitzu hori Bizkaiko hiriburuan ematea edo hiritik kanpo ere zabaltzea.