Gizartea -
Gipuzkoa
Gizon bat atxilotu dute Hernialden, marihuana sail batean eskopetaz tiro egiteagatik
75 urte gizona bart hartu dute atxilo. Agenteei esan dienez, marihuana lapurtzera joandakoak uxatu nahi zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Ertzaintzak 75 urteko gizon bat atxilotu du bart Hernialde eta Anoeta (Gipuzkoa) herrien artean dagoen baserri batetik gertu, marihuana sail batean eskopetarekin bi tiro egitea egotzita.
Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, gertakaria 01:26an jazo da, Hernialdeko baserri eremu batean.
Inguruan zebilen patruila batek linterna baten argia ikusi du pinudi batean, bertaratu direnean tiro hots bat entzun dute, eta segidan, beste bat. Bigarren tiroa lasto-fardo baten kontra joan da.
Agenteek euren burua babestu eta Agintaritza eta Kontrol Zentroa ohartarazi dute. Bizkor berehalako erantzuna emateko Unitateko eta Esku-hartzeko Ekintza Taldeko patruilak bertaratu dira.
Ingurua itxi dute, eta handik gutxira, tiroen ustezko egilea hurbildu zaie. Azaldu dienez, "aurreko egunetan marihuana lapurtzera joandako pertsonak" atzeman zituen, eta gaur ere lapurrak zebiltzala pentsatu du.
Ertzaintzak ikerketa bat zabaldu du gertakariak argitzeko. Bien bitartean, gizona Oriako ertzain-etxera eraman eta auzia epailearen esku utzi dute.