Gizartea -

Salaketa

Gaikerrek ez duela Zabalgarbiren hondakinak aztertzeko baimenik salatu dute

Zero Zabor Bizkaian plataformaren arabera, ia 600.000 tona zabor bota dituzte arauak bete barik, eta Gaikerrek ez du araudiak eskatzen duen egiaztagiria.

Incineradora de Zabalgarbi. Argazkia: EiTB
Incineradora de Zabalgarbi. Argazkia: EiTB
Incineradora de Zabalgarbi. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zero Zabor Bizkaian plataforma ekologistak salatu duenez, Gaiker zentro teknologikoak ez du Zabalgarbi erraustegiko zaborra aztertzeko beharrezkoa den egiaztagiria.

Hala, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Gaikerri betebehar hori emanda, Zabalgarbik ez du ingurumeneko baimen bateratua betetzen, aipatu plataformaren arabera. Izan ere, Gaikerrek ez dauka Egiaztatze Erakunde Nazionalak ematen duen egiaztagiria, talde ekologistaren hitzetan.

Zabor horiek erraustegiko labean sortzen diren hondakinak dira, eta Zabalgarbiren araudiak dio zabortegi batera bota behar direla, betiere, legeak jasotzen dituen baldintzak betetzen badituzte. Hori jakiteko, beharrezkoa da aldiro azterketak egitea.

Egunero 100 tona zabor sortzen ditu Zabalgarbik. Horregatik, Zero Zabor Bizkaian arduratuta azaldu da egoera horren aurrean, eta Zabalgarbiri eta hori guztia kudeatzen duten erakundeei berehalako konponbidea eskatu die, "herritarren osasuna eta ingurugiroa babestu behar baitira". Gainera, herritarrei erraustegiaren aurka agertzeko deia egin die, "kutsakorra delako", batik bat.

Azken batean, 2005az geroztik ia 600.000 tona zabor sortu dira bertan, eta Igorreko, Zallako eta, beharbada, Artigako hondakindegietara bota dituzte, horiek "hondakinak aztertzeko baimenik izan ez arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaiko albisteak Gizartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak