Gizartea -
Trafikoa
Ermuko saihesbidearen bigarren zatia, zabalik
Eibarko saihesbidearekin lotuta dago San Lorentzo biribilgunean. 2014an hasi zituzten lanak eta 74 milioi euroko inbertsioa egin du Diputazioak. Erdigunetik 9.000 ibilgailu ateratzea espero dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ermuko saihesbidearen bigarren eta azken zatia zabaldu dute gaur. San Lorentzo biribilgunean Eibarko saihesbidearekin lotuta dago.
Saihesbidea Ermutik eta Zaldibartik igarotzen da, lau kilometroko ibilbidea du, AP-8 autobidearekin duen lotura kontuan hartuta, eta herriko sarreran bidesaria ordaintzeko zeuden kabinak ordezkatu dituzte.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia azpiegitura berria ikusten izan da Ermuko eta Zaldibarko alkateekin batera, irekieraren atarian. 2014an hasi zituzten lanak, eta 74 milioi euroko inbertsioa egin du Diputazioak.
"Gaur Ermuko bizilagunen bizi-kalitateak puntu asko egin du gora. Saihesbide honek 9.000 ibilgailu aterako ditu erdigunetik, eta Ermuak lasaitasuna, segurtasuna eta erosotasuna irabaziko ditu", esan du.
Ermuko saihesbidearen lehen zatia urtarrilean zabaldu zuten.