Gizartea -
Ibaiondo adingabeen zentroa
Zumarragako egoitzan gazteek eta langileek sexu harremanak izan dituztela salatu dute
Zentroko segurtasun zaintzaile batek salaketa aurkeztu du ustez irregulartasunak egon direlakoan. Droga trafiko kasuak ere egon direla dio.
Agentziak | Erredakzioa
Zumarragako Ibaiondo adingabeen zentro itxiko segurtasun zaintzaile batek salaketa aurkeztu du, egoitzan ustez izan diren irregulartasunak direla eta. Horren hitzetan, adingabeek eta hezitzaileek 'harreman intimoak' izan dituzte, eta droga trafiko kasuak ere egon dira.
SER irrati katearen arabera, adin txikikoei ezarritako "zigorrak" eta "zerbitzu medikoa ukatu izana" aipatzen dira idatzian. Zaindari batek jarri du salaketa Espainiako Poliziaren eta Fiskaltzaren aurrean, 14 lankideren izenean, zentroko zuzendariaren eta egoitza kudeatzen duen DELTA enpresaren kontra.
Salatzaileak idatzian jaso duenez, Ibaiondo zentroan "delitu diren hainbat jazoera" gertatu dira azken urteotan, eta hori frogatzen omen duten dokumentuak eta txostenak (300 bat) erantsi dituzte salaketan.
Irregulartasun horien aurrean, erantzukizunak eskatu dizkiete adingabeen zentroko zuzendaritzari eta Eusko Jaurlaritzari.
Eusko Jaurlaritzako iturrien esanetan, ez dute salaketaren berri jaso.