Gizartea -

Epaiketa

Kote Cabezudorentzat lau urteko kartzela-zigorra eskatuko du Fiskaltzak

Epaiketaren lehen fasea udazkenerako bukatuko da, baina, aurretik, argazkilariaren abusuak jasan omen dituzten beste lau emakumeren kasuak iritsiko dira epaitegira.

Protesta, Kote Cabezudoren aldeko biktimentzat justizia eskatzeko. Argazkia: EFE
Protesta, Kote Cabezudoren aldeko biktimentzat justizia eskatzeko. Argazkia: EFE
Protesta, Kote Cabezudoren aldeko biktimentzat justizia eskatzeko. Argazkia: EFE

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Fiskaltzak lau urteko espetxe-zigorra eskatu du Kote Cabezudo argazkilari donostiarrarentzat. Akusazioak ere zigor bera galdegin du, Berria egunkariak gaur goizean aurreratu duenez. Dirudienez, epaiketaren lehenengo fasea udazkenerako bukatuko da, baina, aurretik, argazkilariaren abusuak jasan omen dituzten beste lau emakumeren kasuak iritsiko dira epaitegira.

Cabezudori maiatzaren 4an ezarri zioten behin-behineko espetxealdia. Sexu-abusuengatik, iruzurragatik eta sexu askatasunaren aurkako beste hainbat deliturengatik dago ikerketapean.

Bitartean, iragan astean argitaratutako auto baten bidez, epaiketa hasteko baimena eman zuen epaileak. Alabaina, oraingoz ez dute data zehaztu, ezta zein epaitegitan egingo duten argitu ere. Ordura arte, Cabezudo Martuteneko espetxean egongo da, defentsak argazkilaria aske uzteko eskatu badu ere.

Gertakarien bilakaera

Akusazio partikularrak eta Fiskaltzak eskatuta, epaileak behin-behinean espetxean sartzea agindu zuen, eta Martuteneko espetxean dago ordutik preso. Epailearen ustez, delituak errepikatzeko eta biktimen ondasun juridikoan kalteak eragiteko arriskua dago, kontuan hartuta Cabezudok biktimen hainbat argazki saretik ez zituela kendu eta, beraz, Interneten eskuragarri egon daitezkeela.

Defentsak, berriz, Cabezudo libre uztea eskatu zuen, haren kontrako kargu berririk ez zegoela, agintariei desobeditu ez diela eta ihes egiteko arriskurik ez dagoela argudiatuta.

Alabaina, Fiskaltzak helegite horren aurka aurkeztu zuen idatzian esan zuen delituak errepikatzeko arriskua zegoela, baita biktimen moralari min egiteko aukera ere, Cabezudo libre utziz gero.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Tratu txarren biktimak Matxismoa Espetxe politika