Gizartea -
Memoria Historikoa
Erakundeek frankismoaren biktimak omendu dituzte Donostian
Francoren erregimenak 400 lagun hil zituen Donostian. Orduan gertatu zena inoiz ez ahaztea ezinbestekotzat jo du Eneko Goia alkateak.
agentziak | erredakzioa
Frankismoaren biktimak omendu dituzte gaur Donostian, Udalak antolatutako Memoria Historikoaren Egunean. Erakunde guztietako ordezkariak izan dira, udaletxekoak, Eusko Jaurlaritzakoa, Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Batzar Nagusietakoak.
Ekitaldia udaletxe aurrean egin dute, Amaia Mateos eta Tomas Villanueva artistek egindako 'Dual' eskulturaren parean. Kontxako badia, Urumea ibaia eta Zurriolako hondartza irudikatzen ditu eskulturak eta 400 zulo dituen altzairuzko xafla bat dauka. Francoren erregimenak 400 pertsona hil zituen Donostian eta zulo bakoitzak biktima bakoitza oroitzen du.
Ekitaldian agintari eta ordezkari politiko ugari izan dira: Donostiako udal-talde guztiak (EAJ, PSE-EE, EH Bildu, PP eta Irabazi), Eneko Goia alkatea, Iñaki Arriola eta Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako sailburuak, Markel Olano Gipuzkako ahaldun nagusia, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea eta Aintzane Ezenarro Memoria, Bizkidetza eta Giza Eskubideen Gogora Institutuko zuzendaria.
Denis Itxaso (PSE-EE), Julen Arsuaga (EH Bildu), Reyes Karrere (EH Bilduren Donostiako alkategaia), Miren Albistur (PP) eta Arantza Gonzalez (Ezker Aintza-IU) ere han izan dira, besteak bestek.
Ekitaldian, Eneko Goiak hartu du hitza eta tropa frankistak duela 82 urte Donostian sartu zirela gogoratu du, "aro ilun bati hasiera emanez".
"Gaurko moduko egunetan, baina baita urte guztian zehar ere, oso garrantzitsua da orduan gertatu zena oroitzea", adierazi du.
Ildo horretan, Goiak gogoratu du, adina dela eta, gero eta gutxiago direla garai hura ezagutu zuten donostiarrak eta lekukotza zuzena eman dezaketenak.
Horrenbestez, "gure ardura da haien lekukoa hartzea eta oroimenaren garra itzaltzen ez uztea; horixe zor diegu egun hartatik aurrera 40 urteko diktaduraren ondorioak pairatu zituzten herritarrei", azaldu du. "Horiek guztiek errekonozimendua, justizia eta erreparazioa merezi dituzte", erantsi du.
"Gizarte justu baten zuhaitz indartsuaren sustraia memoria dela esan nahi dugu gaur hemen bildu garenok. Iragana, oraina eta etorkizuna lotu ditzagun, bakean eta adostasunean, gorrotorik gabe, baina gertatu zena ahaztu gabe", nabarmendu du Goiak.
Alkatearen hitzartzearen ostean eta ekitaldia amaitzeko, frankismoaren biktimak oroitzeko eta omentzeko lore-eskaintza egin dute.