Gizartea -
Epaiketa
Aliciaren ustezko hiltzailea artatu zuen sendagileak ez zuen "ezer arrarorik" sumatu
Agerraldi psikotikoak dituzten gaixoak artatu izan dituela esan du epaiketan. Horrela, zerbait antzeman izan balu, akusatua Psikiatria zerbitzura bideratuko zukeela nabarmendu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alicia haurraren ustezko hiltzaileak ez zuela jarrera arrarorik erakutsi adierazi du Gasteizko Santiago Ospitalean akusatua artatu zuen lehen sendagileak. "Ez zuen esan ahotsak entzuten zituenik, eta ez zuen deliriorik izan. Horregatik ez nuen Psikiatria zerbitzura bideratu", gaineratu du.
Hain zuzen ere, bera izan da gaurko saioan deklaratu duen Larrialdietako medikuetako bat. Iragan astean hasi zen Sevillako musika irakasle horren aurkako epaiketa Arabako Auzitegian, 2016ko urtarrilaren 25ean ustez 17 hilabeteko ume bat leihotik botatzeagatik eta ume horren ama hiltzen saiatzeagatik.
Atzo, Daniel (ustezko hiltzailea) artatu zuten psikiatren txanda izan zen epaiketan. Guztiek gauza bera adierazi zuten, alegia, akusatuak ez duela eskizofrenia paranoiderik, ezta beste gaixotasun mentalik ere. Dena dela, horietako batek onartu zuen posible zela marihuanaren ondorioz agerraldi psikotiko bat eduki izana.
Esan bezala, Larrialdietan Daniel artatu zuen lehen sendagileak hartu du hitza gaurko saioan. 05:00ak inguruan ospitalera iritsi zenean, eskuan hainbat zauri zituela azpimarratu du, baina ez zuela akusatuaren jarreran "ezer arrarorik" sumatu. "Zauria josteko orduan, ez zidan lagundu, besterik ez", zehaztu du.
Halaber, tokiz kanpo zegoen komentariorik ez zuela egin aitortu du, eta alkohol eta marihuana usainik ez zuela gaineratu du. Agerraldi psikotikoak dituzten gaixoak artatu izan dituela ere esan du epaiketan. Gainera, zerbait antzeman izan balu, akusatua Psikiatria zerbitzura bideratuko zukeela azpimarratu du. 06:00ak aldera, alta jaso zuen Danielek, polizia-etxera itzultzeko.
Nolanahi dela, ordu batzuk geroago ospitalera itzuli zen zauriak odoletan zituelako. Orduantxe erabaki genuen psikiatrengana bidaltzea. Ildo horretan, ustezko hiltzailearekin egon zen lehen psikiatrak argitu du "sintomatologia psikotikoa" erakutsi zuela; "horregatik erabaki nuen Daniel ospitalean geratzea eta haren 'jarrera' sakonago aztertzea, horrek ez duelako esan nahi buruko gaixotasun bat izan behar duenik", gaineratu du.
Bestalde, defentsak eskatuta txostena egin duten bi psikiatrek auziperatua eskizofrenikoa dela azaldu dute. Agerraldi psikotiko gogor batek jota eta eldarniozko ideia batekin eraso egin zuela uste dute bi adituek; ondorioz, ahalmenak ezereztuta zituela.
Hala ere, Fiskaltzak espetxe iraunkor berrikusgarriaren eskaera berretsi du gaur, hilketa delitu bat egotzita. Gainera, hilketa saiakerarengatik 9 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen hasiera batean, baina gaur 11 urte eskatu ditu.
Akusazio partikularrek eta herri-akusazioak (Clara Campoamor elkartea) fiskalaren eskakizunarekin bat egin dute.
Defentsak, ostera, erotasun salbueslea mantendu du, eta zentro psikiatriko batean eman beharreko denbora zehazteko eskatu dio epaileari. Gainera, hilketa saiakera delitua baztertu du akusatuaren abokatuak, eta lesio delitu batean utzi du.
Ostegun honetan azken txostenak aurkeztuko dituzte aldeek.