Gizartea -

Zientzia

Etxenikeren bizitzaren inguruko dokumental batek Naukas abiatuko du aste honetan

Naukas 2018 Bilbon aurkeztu dute astearte honetan. Ekitaldian Etxenike fisikariak berak eta Maia Garcia-Vergniory DIPCko ikertzaileak parte hartu dute.

Irudia: Naukas
Irudia: Naukas
Irudia: Naukas

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbok zientzia jariatuko du aste honetan Naukas zientzia ekitaldiarekin. 'Naturaren sekretua' dokumentala estreinatuko dute aurten. Lanak Pedro Miguel Etxenike fisikaria protagonista du. Alicia Sintes fisikariak, Frances Mojica mikrobiologoak eta Juan Carlos Ortega umorista ezagunak parte hartuko dute jaialdian.

Naukas 2018 Bilbon aurkeztu dute gaur. Ekitaldian Etxenikek berak eta Maia Garcia-Vergniory DIPCko ikertzaileak parte hartu dute. García-Vergnioryk hitzaldia emango du aurtengo ekitaldian.

'Naturaren sekretua' dokumentalaren estreinakoak markatuko du jaialdiaren hasiera. Etxenike Donostia International Physics Center Fundazioaren (DIPC) presidentea eta EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika katedraduna da. 80 minutuko filmak fisikariaren bizitzari eta lanari errepasoa egiten die.

Naukasen apustua goraipatu du Etxenikek, “zientzia modu errazean, baina zehatzean azaltzen duelako; komunikatzaileek egiten dute, baina baita zientziaren abangoardian dagoen jendea ere”. Fisikariaren hitzetan, funtsezkoa da; izan ere, “XXI. mendeko kultura zientifiko-teknologikoa izango da”.

 

Etxenike: "Naukasek zientzia modu errazean, baina zehatzean azaltzen du"

 

Bestalde, Naukasen lana azpimarratu du Garcia-Vergnioryk, “zientzia gizarteari eramaten diolako; zientzialariek gizartearen babesa behar dugu, ikertzen jarraitu ahal izateko”.

Naukas 2018k 2017ko eskema bera errepikatuko du. Horrela, ostiraleko eta larunbateko hitzaldiei Naukas PRO gehituko zaie ostegun arratsaldean. Ikerketa zentroek, laborategiek, zientzialariek eta lantaldeek 20 minutu izango dituzte, euren lana azaltzeko. Etxeko txikienek Naukas Kids izango dute igande goizean.

Ostiral eta larunbateko hitzaldi orokorren baitan, horietako bakoitza 10 minutukoa, besteak beste, Jesus A. Gomezen ‘Zientziaterapia, ospitaleratutako umeentzako zientzia dibertigarria’ edo Daniel Marinen ‘Lasterketa espazialaren 5 mito’ txanda izango da. Era berean, Juan Carlos Ortega aurkezle eta umoristak NASAren inguruan hitz egingo du.

Gainera, bi zientzialari aipagarriri elkarrizketak egingo dizkiete: Alicia Sintes Espainiako fisikariari, grabitazio uhinen espezialistari, eta Frances Mojica mikrobiologoari.

Jarduera guztiak doakoak eta sarrera librea izango da. Honenbestez, izena ematea ez da beharrezkoa, bertara hurbiltzea soilik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo Bizkaia Naukas Bilbao Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Zientziaren hedapena