Gizartea -

Epaiketa

Aliciaren ustezko hiltzaileak ez zuen patologia psikotikorik, psikiatren arabera

Epaiketan deklaratu duten psikiatrek baztertu egin dute akusatuak eskizofrenia paranoidea izatea. Are gehiago, ustezko hiltzaileak arazo psikotikorik ez duela erakutsi argitu dute.

Imagen del juicio. Foto: EFE
Imagen del juicio. Foto: EFE
Aliciaren hiltzaileak ez zuen patologia psikotikorik, psikiatren arabera

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilketa gertatu zenean, Daniel M. (2016an Gasteizen 17 hilabeteko haur bat hiltzeagatik akusatutako musika irakaslea) artatu zuten psikiatrek hartu dute hitza gaur epaiketan. Valladolideko eta Dueñasko (Palentzia) espetxeetan ustezko hiltzailearekin egon ziren psikiatrek ere deklaratu dute astearte honetan, eta guztiek esan dute akusatuak ez zuela patologia psikotikorik erakutsi hilketaren ostean.

Hain zuzen ere, bi kartzela horietako psikiatrak azaldu du sarritan egon dela akusatuarekin, eta, horrenbestez, berorren eboluzioa gertutik ikusi duela. "Nire ustez ez du eskizofrenia paranoiderik", esan du epaiketan.

Psikosi agerraldiei aurre egiteko sendagileek ematen duten Quetiapina sendagaiari buruz galdetuta, psikiatrak azaldu du botika hori ez dela eskizofreniarentzat soilik agintzen, eta lo egiteko ere ematen dutela, dosi baxua aginduta.

Lo egiteko sendagaiak

Psikiatrak behin eta berriz errepikatu duenez, ez zion akusatuari arazo psikotikoetarako sendagairik eman, ez zuelako horren beharrik ikusi. Esan bezala, lo egiteko medikazioa agindu zion, baita antsietatea eta urduritasuna kentzeko sendagaiak ere.

Halaber, akusatuak espetxean erakutsitako jarrera ez dela deigarria izan esan du adituak. Gainera, hilketa egin aurretik Danielek ez zuela tratamendu psikiatrikorik jaso adierazi du. "Psikologoarengana joan zen hiru urte lehenago, bikote arazo batengatik, besterik ez", gaineratu du.

Bukatzeko, psikiatrak adierazi du akusatuak noizean behin marihuana eta alkohola kontsumitzen zituela, baina "modu esporadikoan" baino ez. Horrez gain, Gasteizko Santiago Ospitalearen txostena aipatu du, "hilketatik gertuago dagoelako". "Txosten horretan ere, ez zen patologia psikotikorik atzeman", azaldu du.

Ospitalean artatu zuen psikiatraren adierazpena

Santiago Ospitalean Daniel artatu zuen psikiatrak ere deklaratu du gaur. Horren hitzetan, Larrialdietan akusatua artatu zuen psikiatrak Psikiatria Unitatera bideratu zuen Daniel.

Dirudienez, hasiera batean izandako elkarrizketan erdi lo zegoen Daniel, sendagaiak hartu zituelako, baina "munduaren amaieraz" ez zuela ezer esan baieztatu du.

Gerora, "gaizkiaren eta ongiaren ideia nahasiak izan zituen", horren esanetan, eta "ez zuen patologia psikotikorik erakutsi". Dena den, marihuanaren kontsumoak eraginda posible da ordu batzuk iraun dezakeen psikosi agerraldiren bat izatea, adituaren hitzetan.

Hala eta guztiz ere, horren ustez, "(akusatuak) argi zuen ez zuela jokabide zuzena izan". Besteak beste, "bizitzaren parterik handiena kartzelan igaroko dut" eta "nire bizitza betiko aldatu da" esan zuen. Horiek entzunda, Danielek ez zuela haluzinaziorik izan ondorioztatu zuen psikiatrak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa