Gizartea -
Tren zerbitzua
Euskotreneko neguko ordutegia indarrean sartu da
Esaterako, E2 Lasarte-Hendaia lineak, Lasarte-Irun tartean, 15 minutuan behin eskainiko du zerbitzua lanegunetan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskotreneko tren zerbitzuen neguko ordutegia astelehen honetan sartu da indarrean, Eusko Jaurlaritzako elkarte publiko den Euskotrenek ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Esaterako, E2 Lasarte-Hendaia lineak, Lasarte-Irun tartean, 15 minutuan behin eskainiko du zerbitzua lanegunetan, egunaren amaieran salbu, orduan 30 minutuan behin izango baita. Larunbat goizetan, ordea, 30 minutuan behin eskainiko du zerbitzua, eta 15 minutuan behin larunbat arratsaldeetan.
Amara-Herrera Donostiako tarteari dagokionez, 7,5 minutuan behin izango da tren, Amara eta Altza arteko 15 minutuko maiztasunari esker.
Bestalde, E3 Kukullaga/Etxebarri-Lezama 15 minutuko maiztasuna izango du (egunaren amaieran, aldiz, 30 minutukoa izango da). Larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan, 30 minutuan behin izango da trena.
E1 Bilbo/Matiko-Donostia/Amara lineak Bilbo eta Durango arteko zuzeneko zerbitzuak eskainiko ditu berriro. Lanegunetako maiztasuna 30 minutukoa izango da Matiko eta Elgoibar artean, 11-19 minutukoa Kukullaga eta Lemoa artean, 10-20 minutukoa Ermua-Eibar zerbitzuan, eta 30 minutukoa Zumaia-Amara tartean.
Metroko 3. eta 4. lineak
Metroko 3. lineari (Kukullaga/Etxebarri-Matiko) dagokionez, lanegunetan 7,5 minutukoa izango da maiztasuna, eta ostiraletan eta jaiegunetako bezperetan 02:00ak arte eskainiko dute zerbitzua.
E4 linean (Bilbo/Atxuri-Bermeo), ordea, 30 minutuan behin izango da zerbitzua lanegunetan, eta goizean zehar zuzeneko zerbitzuak mantenduko dira.
Euskotreneko zerbitzuei eta ordutegiei buruz informazio gehiago eskuratzeko, hainbat bide jarri ditu eskura Euskotrenek: 944 333 333 telefonoa; www.euskotren.eus webgunea; @euskotrenEJGV Twitter profila; eta Euskotreneko APPa.