Gizartea -
Hondarribiko alardea
Azken urteotako tentsiorik handiena izan da Jaizkibel konpainiaren desfilean
Iskanbila eta istilu handiak izan dira alarde parekidearen defileetan, Hondarribian. Plastiko beltzak erakutsiz eta txistu hotsekin hartu dute Jaizkibel, Aldundiak errespetua eskatu zuen arren.
eitb.eus
Azken urteotako tentsiorik handiena izan da Jaizkibel konpainiaren goizeko eta arratsaldeko desfileetan, Hondarribiko alardean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren gomendioei entzungor egin diete herritar askok, eta plastiko beltzak erakutsi dituzte alarde parekidearen ibilbidea. Aurten, gainera, txistu hotsekin hartu dute Jaizkibel konpainia.
8:10ean abiatu dira alarde mistoaren 600 kideak Gernikako Arbola plazatik, baina iskanbila aurretik joan da prestatzen punturik gatazkatsuenean, Kale Nagusian. Lehenago, pilatuz joan da jendea, batez ere emakume gazteak, andreek soilik kantinera bezala desfilatzen duten alarde tradizionala ikusteko lekua hartzeko.
Plastiko beltzez gain, "Betiko alardea" dioten kartelak banatu dituzte desfilea hasi baino lehen.
Handia izan da tentsioa, Jaizkibel konpainiaren desfilea ikusi nahi zutenen eta haren kontrako protesta egin dutenen artean. Alardea hasi baino lehenagotik gaiztotu da giroa. Alarde parekidearen aldekoen kontrako irain gogorrak ere entzun dira. Ertzaintza alardea hasi baino lehen bertaratu da, eta plastiko beltzik ez erabiltzeko eskatu badu ere, protestak bere horretan jarraitu du.
Desfilea plastiko beltzez inguratuta eta txistu artean egin du Jaizkibel konpainiak Kale Nagusitik. Hiru aldiz desfilatu dute, kalean gora eta behera.
Euskal Irratiek salatu dutenez, alarde mistoaren kontrakoek "telefono mugikorra kendu eta lurrera bota diote" kazetari bati.
Giroa bestelakoa izan da Kale Nagusitik kanpo. Izan ere, alarde parekideak babes zabala jaso du beste inguruetan.
Instituzioen babesa
Kultura, Turismo, Gazteria eta Kiroletako diputatu Denis Itxasoren babesa jaso du konpainia mistoak. Aste honetan pankartarik eta plastiko beltzik ez erakusteko eskaera egin zien Hondarribiko herritarrei. Diputatuarentzat, jarrera horiek alarde parekidean parte hartzen dutenen erasoak dira.
Hondarribiko Emakumeak taldearen erantzuna izan zuten Itxasoren hitzek. Alarde parekidearen kontrako emakumeak biltzen ditu taldeak, eta plastiko beltzak adierazpen askatasunaren barruan sartzen direla uste dute. Haien iritziz, plastiko beltzak emakumeen indarraren eta Hondarribiko gehiengoaren iritziaren erakusle dira.
Itxasorentzat, aurtengo alardea "atzerapausoa" izan da, "emakumeen parte hartzeko eskubidea estali" egin delako.
EH Bilduk ere ordezkaritza bat bidali du Hondarribira. Maddalen Iriarte legebiltzarkidea eta Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagai Juan Karlos Izagirre izan dira alardean.
Iriartek, parte-hartzaileak zoriondu ostean, aurten bizitakoagatik "suntsituta" dagoela esan du.
"Ezin da jasan", gehitu du. Podemosen babesa ere jaso du konpainia mistoak. Eukene Arana legebiltzarkidea eta Maria Valiente batzarkidea izan dira Hondarribian.
Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendaria, eta Julia Hernandez Vallesek, Arartekoaren ondokoa, ere Jaizkibel konpainia babestu dute.
Alarde tradizionala
Behin Jaizkibel Alde Zaharretik Joan denean, publikoak pankartak eta plastiko beltzak kendu ditu, eta espaloian mantendu da, 9:00ak aldera gainontzeko konpainiek ibilbideak hasi dituzten arte. 5.000 pertsona inguruk hartzen dute parte, 20 konpainiatan, bakoitza bere kantinerarekin. 1638an Frantziako armada kanporatzen laguntzeagatik eskerrak ematen diote Guadalupeko Ama Birjinari.
Arratsaldeko txanda
Arratsaldean, berriz desfilatu du Jaizkibel konpainiak, eta erantzun bera jaso du Kale Nagusian. Ez, ordea, Hondarribiko beste inguruetan. Alarde parekideko parte-hartzaileek babes zabala jaso dute beste kaleetan, jai giroan.
Alde Zaharrean sartu direnean, plastiko beltzak eta kartelak ikusi dira berriz publikoaren aretan. Goizeko alardean bizitako giroa errepikatu da. Alderdi mistoaren aurkakoek txistua jo dute Jaizkibel konpainiaren aurrean.
Berria egunkariko Garikoitz Goikoetxea kazetariak esan duenaren arabera, ertzain bat jo egin dute.