Gizartea -
Irailak 12
Trafiko aldaketak Bizkaian, Oiz mendian amaituko den Vueltako etapa dela eta
13:00etatik aurrera, eta lasterketa amaitu arte, zirkulazioan aldaketak izango dira, bereziki Bilbon (txirrindulariak bi aldiz igaroko dira bertatik), Getxon (irteera) eta Oiz mendian (amaiera).
EITB.EUS
Gaur, asteazkena, trafikoan aldaketa nabarmenak izango dira Bizkaian, Getxon hasi eta Oiz mendian amaituko den Espainiako Itzuliko 17. etapa dela eta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, 13:00etatik aurrera eta lasterketa amaitu arte izango dira zirkulazio aldaketak.
Vueltako etapak Bilbon (txirrindulariak bitan igaroko dira bertatik), Getxon (irteera) eta Oiz mendian (amaiera) izango du eragin handiena.
Ohar batean, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak arretaz gidatzea eta seinaleak eta agenteen jarraibideak errespetatzeko aholkatu du.
Txirrindulariak Getxoko kirol portutik aterako dira, 13:00etan.
Bilbon, 13:00etatik 15:00etara izango dira aldaketa nagusiak. Tarte horretan, San Mameseko sarbidea itxita egongo da bi noranzkoetan. Horren ordez, Juan Garaitik edo Miribillatik sartu beharko dute gidariek.
Ezkerraldean, N-634 errepidean izango du eragina, 13:30etik 15:00etara, Zorrotzan, Retuerton, Trapagaranen eta Gallartan. Halaber, litekeena da Santurtziko porturako sarbidea ixtea tarteka.
BI-639 errepidean, Sestaon eta Barakaldon, etenak izango dira trafikoan.
15:00etatik aurrera, Derio eta Mungia arteko tartean izango du eragina, eta Bermeo eta Gernika artean, geroago; 16:30etik 18:30era, hain zuzen.
Txorierriko igarobidean ere, etenak izango dira 14:15 eta 15:15 bitartean, Mungia eta aireportu aldera, bai Barakaldotik datozenentzat, baita Erletxetatik datozenentzat ere.
Irailaren 12an, txirrindularien ibiliak eragingo dituen eragozpenez gain, astearte gauetik aurrera ibilgailuen zirkulazioa debekatuta egongo da Oiz mendian.
_________________________________
Hau ere zure interesekoa izan daiteke:
- Trafiko aldaketak Bilbon, Vueltako 17. etapagatik
- Trafiko aldaketak Getxon, Vueltako 17. etapa dela eta