Gizartea -

Ikasturte berria

Eskolara sasoian itzultzeko aholku praktikoak

Lo egiteko errutinak berreskuratu, ariketa fisikoa maiz egiteko denbora hartu eta egunean bost aldiz osasuntsu jatea hiru gomendio nagusiak dira.

Irudia: EiTB
Irudia: EiTB
Nafarroako pediatren aholkuak, ikasturte berria ondo hasteko

1:39

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lo egiteko errutinak berreskuratu, ariketa fisikoa maiz egiteko denbora hartu eta egunean bost aldiz osasuntsu jatea gomendatzen dute adituek, ikasturte berriari sasoian heltzeko, Nafarroako Gobernuak agiri batean azaldu duenez.

Arantza Iñurrieta Barañaingo osasun zentroko Pediatria erizainak, Nicolas Pilart Sanduzelaiko anbulatorioaren Pediatria erizainak eta Lucia Marin azken zentro horretako pediatrak gomendioak azaldu dituzte prentsaurrekoan.

Abiapuntu bezala, Nicolas Pilartek dieta on baten gakoak eman ditu, eta beharrezko orduak lo egitearekin lotu du; izan ere, “gorputzarentzako elikagairik onena da loaldia”.

Bost otordu

Egunean zehar bost jatordu egitea aholkatzen du, proteinak dituen gosari elikagarri batekin hasita (esnea edo jogurta), xurgatze moteleko karbohidratoak (ogia, zerealak, azukre larregirik gabeko galleta sinpleak) eta fruta oso apur bat (ez zukuan).

Hamaiketakoan eta meriendan azukre ala koipe gehiegi duten opilak edo produktu prozesatuak saihestea berebizikoa da. Etxean egindako ogitarteko bat eta fruta jatea gomendatzen du, edukia eta pieza mota aldatuz.

Bazkaria afariarekin orekatzea aholkatzen du adituak, eguneko elikagai ekarpena aberasteko. Umeak ikastetxeetako jantokietara joaten baldin badira, menuak diseinatzen dituzten profesionalek egindako proposamenak jarraitzea erabilgarria da, bazkari-afaria konbinatzeko.

Atsedena

Loaldiari dagokionez, ohera joateko ordutegi bat markatzea oso garrantzitsua da, gutxienez 8-10 ordu lo egiteko, txikitan denbora gehiago.

Logelan isiltasuna eta giro egokia egon behar da, tableta elektroniko, telefono mugikor, bide-kontsola edo beste dispositibo elektronikorik gabe; 18 eta 20 gradu arteko tenperatura batekin eta ohean arropa egokiarekin, mutiko eta neskatoak bero mantentzeko, baina izerdirik bota gabe.

Ariketa

Bestalde, haurrek ariketa fisikoa egitea gomendatzen dute, umetxoak direnean estimulazio eta masaje ariketak eginez, autonomoagoak direnean parkeetara edo eremu zabaletara ateraz eta sei urteetatik aurrera kirol jarduera arautuak aprobetxatuz, gutxienez astean behin edo birritan.

Ohitura sedentarioak aldatzea eta egunerokotasunean ariketa fisikoa txertatzea funtsezkoa da; eskolara ala erosketak egitera oinez joanda, igogailua erabili beharrean eskailerak igota edo ariketa inplikatzen duten joko eta jardueratan jolastuta.

Posturak

Arantza Iñurrieta erizainak eskarmentu handia du sorbaldako tailerretan, eta txikitatik postura onak mantentzeko jarraibide batzuk markatzeko aholkua eman du, zutunik egoteko zein mahaietan esertzeko, konkortu barik eta gorputzaren zatirik bortxatzen ez duen jarrerak hartuz.

Motxilari dagokionez, sorbaldari estutzen zaizkionak erabiltzeko gomendioa eman du, eta eramaten duen pertsonaren pisuaren % 10 gainditu behar ez dutela gogorarazi du.

Orga motxilak ongi eramaten zailagoak izaten dira eta eskumuturrean, bizkarrean zein besaburuetan arazoak sortzen dituzte, arrastaka eramaterakoan edo neskatoa ala mutikoa eskailerak igotzera doanean postura ez gomendagarriak.

Motibazioa

Datozen asteetan ongi moldatzeko, neskatoak, mutikoak eta nerabeak motibatzeko beharra azpimarratu du Lucia Marin pediatrak. Zentzu horretan, ohitura, ordena eta arauak beharrezkoak dira, haur zein gazteentzako laguntza garrantzitsuak direlako, zehaztu duenez.

Egunero familian egoteko denbora izatea eta arazo posibleen inguruan hitz egitea, eguneroko errutina eta bidaietan presaka ibiltzea saihestea eta eskolaz kanpoko ekintza gehiegi ez izatea garrantzitsua da, haurrek betebeharrak lasai eta pozik hartzeko.

Eskolan zein familian bizikidetza ona lantzea, rol ezberdinak eta gizarteko kultura aniztasuna errespetatzen ikasiz, osasunari eta garapen pertsonalari laguntzen die.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Osasun albisteak Medikuak Nutrizioa Umeak