Gizartea -

Epaiketa berria urriaren 1ean

Crowdfunding kanpaina bat abiatu dute Pablo Ibarren defentsa ordaintzeko

1,3 milioi dolarreko aurrekontua behar du Ibarren defentsak udazken honetan epaiketa errepikatzeko. Behar duten diruaren % 80,36 bildu dute jada, hau da, 1.044.680 dolar.

Crowdfunding kanpainaren aurkezpena Madrilen. Argazkia: EFE
Crowdfunding kanpainaren aurkezpena Madrilen. Argazkia: EFE
Crowdfunding kanpainaren aurkezpena Madrilen. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pablo Ibarren defentsa ordaindu ahal izateko falta dituzten 255.320 dolarrak biltzeko crowdfunding kanpaina bat abiatu dute. Epaiketa berria urriaren 1ean hasiko da. Euskal jatorriko estatubatuarra heriotzaren korridorean egon da 2000. eta 2016. urteen bitartean, epaiketa baliogabetu zuten arte, 1994an, Floridan, hiru hilketa egin izana leporatuta.

Andres Krakenberger Pablo Ibar Heriotza-zigorraren aurkako Elkartearen bozeramaileak prentsaurrekoa eman du Madrilen, ekimenaren berri emateko.

1,3 milioi dolarreko aurrekontua behar du Ibarren defentsak udazken honetan epaiketa errepikatzeko. Behar duten diruaren % 80,36 bildu dute jada, hau da, 1.044.680 dolar; “ondorioz, 255.320 dolar falta dira”, Krakenbergerren esanetan.

Azken urteetan Pablo Ibarren auziak diru publikoa bildu du. Horrela, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Espainiako Gobernuak eta Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundiek ekarpenak egin dituzte.

Dirutza horren beste zati bat dohaintza pribatuen bidez lortu dutela azpimarratu du Krakenbergerrek; 2017an, esaterako, 27.000 euro jaso zituzten horrela. Testuinguru honetan, crowdfunding kanpaina berri bat abiatu du elkarteak, kultura eta arte munduko pertsona ezagunen babesa eta laguntza lortzeko helburu nagusiarekin.

Pablo Ibarrek defentsa eraginkorra izan eta bidezko epaiketa batean errugabea dela frogatu ahal izateko dirua biltzeko 'flashmob'a egin dute, eta YouTuben ikusgai dagoela adierazi du Krakenbergerrek. Ekarpenak www.pabloibar.com/crowdfunding webgunean egin daitezke.

Pablo Ibarren aitak, Candidok, azaldu duenez, semea “ongi”, “oso aktibo” eta “irmo” dago. Epaiketaren aurrean, “apur bat urduri baina pozik” daudela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Pablo Ibar Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Madril