Gizartea -

Herri-epaimahaia

Lau gizon eta zazpi emakume Aliciaren ustezko hiltzailea epaitzen ari dira Gasteizen

Epaiketaren lehen saioan bederatzi pertsona horiek eta beste bi ordezko aukeratu dituzte, herri-epaimahaia osatzeko. Krimenak Gasteiz astindu zuen 2016ko urtarrilaren 25ean.

Ertzain bat gertakariak jazo ziren tokian, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzain bat gertakariak jazo ziren tokian, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE
Ertzain bat gertakariak jazo ziren tokian, Gasteizen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alicia 17 hilabeteko haurtxoaren ustezko hiltzailea epaitzeko zazpi emakume eta lau gizon aukeratu dituzte Gasteizen. Gizonak ustez umetxoa leihotik bota zuen, eta ondoren ama hiltzen saiatu zen. Epaiketa gaur hasi da Arabako Lurralde-auzitegian.

Epaiketaren lehen saioan bederatzi pertsona horiek eta beste bi ordezko aukeratu dituzte, herri-epaimahaia osatzeko. Krimenak Gasteiz astindu zuen 2016ko urtarrilaren 25ean.

Epaimahaia aukeratu ondoren, gertakariak kalifikatzeko aukera izan dute aldeek. Hala ere, saioa baino lehen, Jesus Poncela magistratuak, auzitegiko epaimahaiaren presidenteak, autoa plazaratu du, eta horrek aldeen azalpenak baldintzatu ditu.

Epaitu beharreko gertakariak mugatu ditu magistratuak, eta ama hiltzeko saiakeran azpikeriarik eta ankerkeriarik izan ez zela argudiatu du; ondorioz, ezin da hilketa saiakera zigorrik eskatu, nahiz eta bi akusazio partikularrek eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) hori aldarrikatu.

Euskadin aurrenekoz, espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute hiru akusazioek eta Fiskaltzak, haurtxoa azpikeriaz hil zuela leporatuta. Horrela, akusatuak 25 eta 35 urte arteko kartzela-zigorra bete beharko luke, zigorra berriz aztertu baino lehen.

Bestalde, ustezko hiltzaileak diagnostikatu gabeko eskizofrenia paranoide larria duela argudiatu du defentsak. Abokatuaren hitzetan, umetxoa ankerkeriaren haragitze bezala ikusi zuen gizonak, kanabisaren eta alkoholaren kontsumoak areagotuta. Horregatik, erotasunagatik salbuestea eskatu du defentsak.

Asteazken honetan, epaiketaren bigarren saioan, akusatuak deklaratuko du. Musika irakasleak 30 urte zituen gertakariak jazo zirenean. Era berean, hildako umetxoaren aitak eta amak testigantza emango dute. Amak 18 urte ditu, eta Burgosen bizi da.

Akusatua epaiketan deklaratzeko gai dela baieztatu dute bi medikuk gaurko saioan, defentsak haren osasun egoera zalantzan jarri ondoren.

Litekeena da epaiketa irailaren 12ra arte luzatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Feminismoa