Gizartea -
Ezbehar larria
Bost lagun hil dira Avilesen autobus batek zutabe baten aurka talka eginda
Gainera, 15 bidaiari inguru, tartean autobuseko gidaria, zauritu dira Avilesko saihesbidean izandako istripu larrian. Autobusa Avilesetik atera da eta Oviedo-Xixon noranzkoan zihoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bost lagun hil eta 15 zauritu dira Alsa konpainiako autobus batek Avilesen izandako istripuan. Asturiasko larrialdi zerbitzuek eta Guardia Zibilak jakinarazi dutenez, autobusak porlanezko zutabe baten aurka jo du Avileseko saihesbidean, konponketa lanak egiten ari ziren biaduktu batean.
Larrien zeuden zaurituak helikopteroan eraman dituzte Asturiasko Ospitalera (Oviedo). Gainerako zaurituak Avilesko San Agustin erietxean daude, berehalako medikuntza zerbitzuko iturrien esanetan. Autobuseko gidaria da zaurituetako bat.
Dirudienez, autobusaren aurrealdeak bete-betean jo du porlanezko pilastra. Istripua 13:40 aldera gertatu da, oraindik argitu gabe dauden arrazoiak tarteko. Ezbeharra jazo den lekuak abiadura mugatua du, konponketa lanak egiten ari direlako bertan.
Istripua gertatu den lekura suhiltzaileak bertaratu dira, zaurituak eta hildakoak autobusetik ateratzeko. Era berean, Guardia Zibilak, Polizia Nazionalak eta Udaltzaingoak hainbat agente bidali dituzte, eta hamar bat anbulantzia ere hurbildu dira bertara. Alsako iturriek adierazi dute biktimak eta kaltetuak artatzea dela orain lehentasuna. Ezbeharraren ondotik, Avileseko saihesbideko sarrera itxi egin dute. Istripua izan duen autobusa Avilesetik atera da eta Oviedo-Gijon noranzkoan zihoan.
Istripuaren arrazoiak
Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua, baina badirudi gidariak zorabio bat izan duela, zutabearen aurka jo aurretik.