Gizartea -
Trafikoa
Zortzi pertsona hil dira EAEko errepideetan uztaila eta abuztua bitartean
Nazioarteko joan-etorriek % 4,8ko hazkundea izan dute iazko datuekin alderatuta. Auto-ilara luzeenak ohiko errepideetan izan dira, irteera eta itzulera operazioetan, batik bat.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko udako trafiko operazio berezian, % 4,8 hazi dira joan-etorriak uztaila eta abuztua bitartean, eta guztira zortzi lagun hil dira denbora tarte horretan, iaz baino hiru gehiago: 2 Araban, 2 Gipuzkoan eta 4 Bizkaian. Istripuen hazkundeak ez du lotura zuzenik izan irteera eta itzulera operazioekin.
Halaber, 2017an baino 55.000 ibilgailu gehiago ibili dira EAEko errepideetan. Hori dela eta, aurreikuspenen arabera, 2 milioi joan-etorri inguru zenbatuko dituzte uda bukaerarako.
Irteera Operazioa
Ohiko errepideetan izan ziren auto-ilara luzeenak Irteera Operazioan, hots, A-8an (Kantabriara bidean), Biriatuko mugan eta N-622 errepidean (A-1 eta AP-1 errepideek bat egiten duten puntuan).
Itzulera Operazioa
Udako oporren Itzulera Operazioa mailakatua izan da abuztuko bigarren hamabostalditik aurrera. Asteburuetan, Frantziara bidean egon da trafiko handiena, eta Biriatuko mugan auto-ilara luzeak sortu dira.
Ezbehar-kopurua
Guztira, zortzi lagun hil dira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan uztaila eta abuztua bitartean. Horietatik 5 moto-gidariak ziren, bat autoan zihoan, beste bat kamioi-gidaria zen eta furgoneta bateko gidaria zen azkena. Gainera, 72 lagun larri zauritu dira (2017an larri zauritutako pertsonen kopuru bera).
Ertzaintzak jasotako datuek erakusten dutenez, istripuen zenbatekoa % 15,8 jaitsi da. 1.101 istripu gertatu dira guztira; 450 Gipuzkoan, 421 Bizkaian eta 230 Araban.
Urte osoko datuei erreparatuz gero, 30 pertsona hil dira EAEko errepideetan: 10 auto-gidari, 11 moto-gidari, 6 oinezko eta 3 bidaiari.