Gizartea -

MIGRATZAILEAK

Eguneko zentro bat ere behar dela nabarmendu du Irungo migranteen harrera elkarteak

Gaur ireki da Martindozenea aterpea. "Jateko eta lo egiteko aukera bakarrik ematen duen toki bat irekitzeak egun osoa kalean ematera behartzen ditu pertsona hauek" azaldu dute.

Prentsaurrekoa, gaur Irunen. Argazkia: EFE
Prentsaurrekoa, gaur Irunen. Argazkia: EFE
Dena prest Martindozenean, igarobidean dauden lehen migratzaileak hartzeko

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Irunen migratzaileei laguntza emateko sareko kideek prentsaurrekoa eman dute gaur San Juan plazan. Pozik hartu dute larunbat honetan Martindozenea aterpea ireki izana, "hori baita baliabiderik egokiena", baina eguneko zentro bat "berehala" irekitzea "behar-beharrezkoa" dela ohartarazi dute, migratzaileak egun osoan kalean egon ez daitezen: "Jateko eta lo egiteko aukera bakarrik ematen duen toki bat irekitzeak egun osoa kalean ematera behartzen ditu pertsona hauek" azaldu dute.

Aterpe horretan gehienez bost egun egon ahal izango dira migratzaileak eta muga hori arazoa dela nabarmendu dute, beste behin ere: "Migratzaile askok ezin dute Europara bidaiatzen jarraitu, Frantziako poliziak sistematikoki itzuli egiten baititu, baina egun horiek jada aterpetxean egin badituzte ezin dute berriz ere erabili eta kalean geratzen dira".

"Horregatik, aterpeetan oheak hutsik geratzen diren bitartean, jendeak kalean lo egiten" duela salatu dute, eta horrek "harrerara bideratzen ari diren baliabide publikoak gaizki erabiltzea" suposatzen duela. Bost eguneko epe-muga horregatik 15 bat pertsona Irungo gaztetxean lo egiten ari direla ere jakinarazi dute.

Uztailaren 27an harrera sarea eratu zutenetik, 750 otordu eskaini dituzte eta arropa ere banatu dute migratzaileen artean.

Gaurko prentsaurrekoan aste honetan izan diren pintadak ere salatu dituzte eta Udalari ikerketa sakona egiteko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak