Gizartea -
Euskal Telebista
ETB2ren seinalea irailean iritsiko da Nafarroa osora
Foru Erkidegoko Gobernuak asteazken honetako bileran, abuztuaren 29an, adostutako erabakia da. Laster jakinaraziko dute, zehatz-mehatz, zein egunetatik izango den.
EiTB.EUS
Nafarroako Gobernuak asteazken honetako bileran, abuztuaren 29an, adostu du berriki hutsik geratu den LTDren autonomia-katea erreserbatzea, Euskal Telebistaren gaztelaniazko katearen estaldura zabaltzeko; hortaz, ETB2ren seinalea Nafarroa osora iritsiko da, irailetik aurrera.
Ana Ollo Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak adierazi duenez, "Nafarroako herritarren eskaera" kontuan izanik hartu du Gobernuak erabakia; izan ere, "milaka herritarrek" eskatu dute ETB1, ETB2 eta ETB3 Nafarroa osoan ikusi ahal izatea.
Ondorengo egunetan zehaztuko da zein egunetatik izango den aukera ETB2ren seinalea hartzeko. Jarraian, ikusleek berriro sintonizatu beharko dituzte LTD hargailuak, seinale berri guztiak hartzea helburu.
Nafar Telebista (NTB) katearen lizentzia baliogabetzeko espedientea amaituta (2016tik ez du igorri NTBk esleituta zuen katean), ETBren kate jeneralistaren seinaleak kate hori erabili ahalko du; gaztelaniazko edukiak eskaintzen ditu ETB2k, eta 26. katean sintonizatu ahal izango da. 2016ko udazkenetik har daiteke Foru Erkidego osoan ETB1, Euskal Telebistaren euskarazko katea.
Autonomia-kate hau esleitzeak tokiko multiplexak "askatu" ahal izatea dakar; izan ere, ETB2 igortzeko erabili izan dira orain arte. Iruñerrian, hau da, ume euskaldun gehien dituen eskualdean, ETB3rako erabiliko dituzte hemendik aurrera multiplexak.
ETB3k euskara du ardatz, hizkuntzari dagokionez, eta haurrentzako edukiak eskaintzen ditu gehienbat, Ana Ollo kontseilariak prentsaurrekoan azaldu duenez.
"Honela, kate jeneralista bat Nafarroa osoan hedatuko da, eta, gainera, honek ez du ekarriko Foru Ogasunarentzat inolako kosturik; EiTB Taldeak, aldiz, Nasertic enpresa publikoarekin duen lankidetza sendotuko du", adierazi du.
Erabaki horren ondorioz Nafarroak bigarren multiplex bat eskaintzeari utziko dion galdetuta, Ollok esan du Foru Gobernuak ez duela aukera hori baztertzen, baina gaineratu du esleipena Espainiako Gobernuari dagokiola eta horrek ez duela uste beharrezkoa denik. Gauza bera gertatzen da beste autonomia erkidego batzuetan, kontseilariaren esanetan.
Foru Erkidegoko LTDko gainerako tokiko lau mugapenetan (Lizarra, Zangoza, Tafalla eta Tutera), ETB3 2016az geroztik egiten den moduan jarraituko dute sintonizatzen, eta ETB2 emateko azken bi urteetan gordetako kanala liberatzea erabaki du Nafarroako Gobernuak.
Nafarroa–Euskadi hitzarmena, EiTB Foru Komunitatean emateko
Nafarroako Gobernuak gogorarazi duenez, Gobernuak EiTBren kanalen LTD seinalea hedatzeko adostutako erreserben legezko oinarria ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak arautzen dituen funtsezko araudian oinarritzen da. Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko 2010eko martxoaren 31ko 7/2010 Legearen 40.4 artikuluak ezartzen duenez, "autonomia erkidego baten ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu publikoaren emisioa, lurreko uhin hertziarren bidezkoa, hizkuntz eta kultur kidetasunak dituen autonomia erkidego mugakide batean ere egin ahalko da, baldin eta hitzarmen bidez hala adosten badute bi aldeek".
Nafarroako Foru Komunitateak eta Euskal Autonomia Erkidegoak harremanetarako esparru zabala dute, eta 2016ko maiatzaren 10ean berritutako Lankidetza Protokoloan jaso zuten. Protokolo hori garatzerakoan, Nafarroako eta Euskadiko gobernuek hitzarmen bat sinatu zuten urte bereko uztailaren 15ean, EiTB aipatu 7/2010 Legeko 40.4 artikuluan aurreikusitako baldintzetan zabaltzeko.
Hitzarmenaren bitartez, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartu zuen EiTB hedatzeko irtenbide tekniko egokienak hartzeko, zeuden kanal digitalak eta baldintzak kontuan hartuta; hau da, egungo multiplex autonomikoan espektroaren erabilera eraginkorrena eginaz edo etorkizuneko bigarren multiplex autonomikoaren bitartez, edota toki-mailako LTDko multiplexen bidez edo bideragarria izan daitekeen beste edozein aukera erabilita, erregimen juridiko aplikagarriaren eta zeuden baliabideen arabera.
Hitzarmen hori garatzeko, Foru Exekutiboa 2016ko erreserbak onartzen joan da, eta gaur beste bat onartu du Nafarroan EiTBren telebista-kanalak ahalik eta ondoen hartu ahal izateko.