Gizartea -
Hilketa matxistaren susmoa
Epaileak kartzelatu egin du Uharten ustez emaztea hil duen gizona
Homizidio delitua egotzi dio epaileak. Foruzaingoak uste du biktimak tratu txarrak jaso ohi zituela.
Agentziak | Erredakzioa
Agoizko instrukzio-epaileak baldintzarik gabe espetxeratu du Uharten emaztea hiltzea egotzita atxilotutako gizonezkoa; homizidioa egotzi diote.
Larunbat arratsaldean, biktimaren senarrak (41 urtekoa eta Uharteko bizilaguna) 112 larrialdietarako zenbakira deitu zuen, bere emaztearentzat osasun-laguntza eskatzeko. Horren hitzetan, emakumeak erorikoa izan zuen komunean, eta konorterik gabe zegoen.
Osasun-zerbitzuak eta Udaltzaingoaren patruila bat bertaratu ziren, eta emakumeak gorputzean hainbat lesio zituela ikusi zuten; lesio horiek bateragarriak ziren eraso batekin. Berehala eraman zuten Nafarroako Ospitalera, larri.
Foruzainek, aldiz, deklarazioa hartu zioten emakumearen senarrari (horrek ere lesioak zituen), eta bikotearekin bizi zen familiako beste kide batekin ere hitz egin zuten. Deklarazioetan kontraesan batzuk atzemanda, gizona atxilotu zuten, genero-indarkeriaren susmoa hartuta.
Emakumea astelehen arratsaldean hil zen, Nafarroako Ospitalean, Iruñean.
_________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.