Gizartea -
Nafarroa
Gizon bat atxilotu dute Iruñean, aldatzen ari zen emakume bat grabatzeagatik
20 urteko gaztea ustez sekretuen jabe egin eta zabaltzeagatik atxilotu du Nafarroako Foruzaingoak.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Foruzaingoak 20 urteko gazte bat atxilotu du Iruñean, sekretuen jabe egitea eta zabaltzea leporatuta, emakume bat kiroldegi batean arropaz aldatzen ari zela telefono mugikorrarekin grabatzeagatik.
Iruñerriko kiroldegi batean, dutxatu berri zen emakume batek soinu bat entzun zuen aldagelako armairuen artean. Orduan, telefono mugikorrarekin grabatzen ari zen gazte bat zegoela ikusi zuenez, oihu egin zuen laguntza eske.
Handik gertu zebilen beste erabiltzaile bat laguntzera joan zen, eta bien artean gizona atxiki zuten. Agerian utzi zutenean, damutu eta egindako grabazioa ezabatzeko asmoa erakutsi zuen. Kiroldegiko langileek ustezko egilea identifikatu zuten.
Ondoren, biktima Iruñeko Salaketen eta Herritarren Arretarako Bulegora joan zen gertatutakoa salatzeko. Segurtasun sistemaren grabazioak ikusi eta lekukoen zein ustezko egilearen deklarazioak bildu ostean, poliziek gaztea atxilotu zuten.
Iruñeko laugarren instrukzio epaitegia ari da kasua aztertzen.