Gizartea -

OKUPAZIOA

Milaka lagun izan dira Iruñeko Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioan

Okupazioa eta gazteek kudeatutako lokalak aldarrikatu dituzte gai-giroan egindako mobilizazioan.

Iruña hartu Maravillas gaztetxearen aldeko martxak. Argazkia: Nerea Sarriegi | Euskadi Irratia
Iruña hartu Maravillas gaztetxearen aldeko martxak. Argazkia: Nerea Sarriegi | Euskadi Irratia
Maravillas gaztetxearen aldeko oihuek hartu dute Iruñea

1:29

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Milaka lagunek parte hartu dute larunbat arratsalde honetan Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioan, Iruñeko kaleetan. Okupazioa eta gazteek kudeatutako lokalen defendatzeko mobilizazioa izan da.

18:00etan abiatu da martxa autobus geltoki zaharretik eta, ordu erdi lehenago, bi zutabe irten dira San Frantzisko plazatik eta Golem Zinemetatik, hara bidean. Euskal Herriko gaztetxe guztietako ordezkariak izan dira bertan.

Manifestazioaren buruan Josefina Lamberto Maravillasen ahizpa ere egon da. Iruñeko gaztetxea kudeatzen duten gazteek Maravillas izena hartu zuten, frankistek hildako biktimak omentzeko asmoz; izan ere, Maravillas eta bere aita hil zituzten faxistek. Joaldunak eta Alde Zaharreko erraldoiak ere izan dira, eta beste mugimenduetako aldarrikapenak izan dira ikusgai, besteak beste, feministarena eta anarkistarena.

 

Manifestazioan hainbat lelo izan dira entzungai, tartean, "okupazioa delitua bada, gora gora delinkuentzia!", eta "Borroka da bide bakarra".

18:30ak pasata, manifestariak Gaztelu plazara iritsi dira, eta bertan kokatutako bozgorailuetatik Fermin Balentziaren 'Maravillas' bertsioa igorri dute. Bertsolariak eta musikariak oholtza gainean izan dira, eta aldarrikapenak egin dituzte bertsoak eta abestiak erabilita.

Horrekin batera, Maravillas gaztetxearen bi bozeramailek agiria irakurri dute, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aldarrikatu dute "mundua ulertzeko hamaika era" dituztela, baina "asmo komunarekin: benetako aldaketa soziala gauzatzea, erdigunea pertsonak eta euren bizitza jartzeko".

Hori horrela, antolatzera eta borroka egitera deitu dute gazteek, "zapalketarik gabeko guneetatik elkartasuna ehundu ahal izateko". Gainera, "ondare publiko bat pribatizatu izana" ukatu dute gazteek, azaldu dutenez, "esparru publiko bat erabili gabe izatea erabilera pribatiboa delako".

Kaleratzea

Abuztuaren 17an, ostirala, hustu zuten Maravillas gaztetxea, goizaldean, eta arratsaldean berriz ere okupatu zuten. Hainbat ordutako zalantzen ostean, igandean epaitegiek auzia artxibatzea erabaki zuten, Nafarroako Gobernuak, Marques de Rozalejo jauregiaren jabeak, aste horretan bertan ezarritako huste agindua bertan behera uzteko eskatu zuelako.

Gobernuaren erabakia begi onez ikusi zuten Iruñeko Udalak, EH Bilduk, Izquierda-Ezkerrak eta Podemos Nafarroak. Aitzitik, UPNk, PPNk eta PSNk gogor kritikatu zuten Gobernua.

Asteazken honetan bertan, Nafarroako Gobernuak iragarri zuen auziaren artxibo judiziala errekurritu egingo zutela.

Egoera honen aurrean, "arazoa bide judizialaren bidez konpondu" nahi izatea leporatu diote Gobernuari hainbat aldetatik, baita gaztetxea "alternatibarik eman gabe itxi nahi" izatea ere.

Geroa Bairen kritikak

Hain zuzen ere, gaur, Koldo Martinez, Geroa Baiko buruzagiak salatu du alderdi batzuk "gaztetxearen hustea euren mesedetan" erabili dutela. Eskuinari kasu hau Gobernuaren kontrako "ezten" gisa erabiltzea leporatu dio, eta ezkerreko hainbati, berriz, "legez kanpoko praktikak defendatzea". Epailearen erabakia ere kritikatu du, "balorazioa politikoak" egiteagatik.

Koldo Martinezek azaldu duenez, Nafarroako Gobernua behin baino gehiagotan saiatu da aste honetan Maravillaseko gazteekin biltzen, baina ez da posible izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Albisteak Nafarroa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Iruñeko Udala Gazteak azken ordukoa Iruñeko Alde Zaharreko azken ordukoa