Gizartea -

Immatrikulazioak

Elizak erregistratutako ondasunak: 1.000tik gora Nafarroan eta 500dik gora EAEn

Instituzioak immatrikulatutako ondasunen zerrenda argitaratzeak bidea irekiko die etorkizunean ondasun publiko horiek erreklamatu nahi dituztenei.

Inmatrikulazioa
Inmatrikulazioa
Inmatrikulazioa

Mikel Dominguez | eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak Eliza Katolikoak Ondasunen Erregistroan bere izenean erregistratutako ondasun publiko guztien zerrenda argitaratuko du. Horrek Elizak Euskal Herrian dituen ondasunak ere utziko ditu agerian.

Elizak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan immatrikulatutako ondasunak 1.600 baino gehiago dira. 1998an Jose Maria Aznarren Gobernuak erreformatutako lege frankista bati esker erregistratu zituen.

Horrela erregistratutako ondasun publiko gehien dituen lurraldea Nafarroa da, 1.087 ondasun erregistratu baitzituen Elizak Foru Erkidegoan. Gipuzkoan 388 erregistratu zituen; Araban, 72, eta Bizkaian, 65.

Ondasun hauek ermitak, elizak eta hilerriak dira, baina baita lursailak, frontoiak, parkeak eta futbol zelaiak ere. Zenbait udalerritan, horrelako ondasun asko ditu; Eskoriatzan (Gipuzkoa), adibidez, 41.

Aznarrek zabaldutako lege frankista batean oinarrituta

1946ko Hipoteken Legeak baimena ematen zion Eliza Katolikoari elizak eta gurtzarako tokiak zein etxebizitzak eta beste mota batzuetako orubeak bere izenean erregistratzeko, horien jabetza idatziz egiaztatu beharrik izan gabe. Aukera hori 1998an onartutako legearen erreforma batek zabaldu zuen, Alderdi Popularra Espainiako Gobernuan agintean zegoela.

Pedro Sanchezen Gobernuari zerrenda argitaratzea eskatu berri dion Antonio Hurtado parlamentari sozialistaren ustez, "Eliza bezalako instituzio pribatu bati instituzio publiko baten profila" eman zioten horrela.

2015eko martxoan, immatrikulazioak debekatzen zituen legea onartu zuten, baina azarora arte ez zen indarrean sartu, eta Elizak hilabete horiek aprobetxatu zituen ondasunak erregistratzen jarraitzeko.

Eliza Katolikoak erregistratutako ondasun guztien zerrenda bat argitaratzeko eskatu zuten orduan Diputatuen Kongresuan, horrela erreklamazioak erraztu egingo zirelakoan.

Orain, Sanchezen Gobernua prest agertu da zerrenda hori egiteko. PSOEren arabera, aipatu zerrenda "abiapuntu garrantzitsua izango da" norbanakoak eta instituzioak erreklamazioak egiten hasteko. "Elizak herritarrenak ziren ondasun publiko asko immatrikulatu ditu", Hurtadoren esanetan.

Estatu osoan, 40.000 ondasun higiezin

Erregistroa justifikatzeko, lehenagotik ondasun horien jabea zela argudiatzen du Elizak. Gainera, immatrikulazio horien zerrendarik ez duela esan du Espainiako Gotzainen Biltzarrak, eta gehienak lehen erregistraturik gabe zeuden parrokiak eta gurtzarako beste toki batzuk direla.

Aznarren erreformatik hona, Espainiako Estatu osoan 40.000 ondasun higiezin erregistratu omen ditu Elizak. Tartean, mahastiak eta herriko plazak daude, esaterako.

Polemika piztu zuen horietako bat Kordobako meskitarena izan zen. 2006an erregistratu zuen bertako elizbarrutiak, horren jabetza-titulurik izan gabe.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur