Gizartea -

Indarkeria matxista

Emakumeen kontrako hiru eraso izan dira Gasteizen eta Usurbilen

Arabako hiriburuan, bi eraso egin dituzte, igandean: bata, Lakuabizkarrean, eta, bestea, Sansomendin; Gipuzkoako herrian egindakoa, aldiz, aurreko asteartean izan zen.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru gizonek hiru emakumeri eraso diete, bik Gasteizen eta beste batek Usurbilen, azken egunotan, eta atxilotu egin dituzte. Gasteizko bi erasoak igandean egin dituzte: bata, Lakuabizkarrean, eta, bestea, Sansomendin; bi kasu horietan, erasotzaileen bikotekideak dira biktimak. Usurbilgoa, aldiz, asteartean izan zen, hilaren 14an, eta biktima erasotzailearen bikotekide ohia da.

Gasteizko Udalak jakitera eman duenez, erasoetako bat igandean egin zuten, 07:00ak jota zirenean. Ordu horretan 092 zenbakian jasotako dei baten bidez jakin zuen Udaltzaingoak bikote bat eztabaidan ari zela Sansomendi auzoko etxebizitza batean.

Bertara iritsitakoan, agenteek emakume bat ikusi zuten eskailera-buruan, ahotik odoletan, gizon bat ondoan zuela. Bikotekideak eraso ziola esan zien emakumeak agenteei.

Gizonak, bere aldetik, adierazi zuen eztabaida ugari izan zituztela gauean zehar, eta berak ere erasoak jasan zituela. Gertaturikoa ikusita, eta biei entzun ostean, agenteek gizona atxilotu zuten, eta epailearen esku utzi zuten gerora.

Beste eraso bat, Lakuabizkarrean

Igandean bertan, goizaldean, 39 urteko gizon bat atxilotu zuen Udaltzaingoak, genero-indarkeria egotzita. 01:30ean, emakume batek Poliziari deitu zion, Lakuabizkarreko bere etxera joatea eskatzeko, bikotekideak jo egin zuelako.

Emakumeak kolpe-marka bat zuen eskuineko izterrean, eta aurretik ere mehatxuak eta erasoak egin zizkiola jakinarazi zien agenteei. Ustezko erasotzailea familiaren etxe horretan zegoen, eta bertan atxilotu zuten, beharrezko eginbideak betetakoan epailearen esku uzteko.

Usurbilen, hilaren 14an, beste eraso bat

Halaber, Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Usurbilen (Gipuzkoa), bikotekide ohia jotzea egotzita, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Abuztuaren 14an gertatu zen erasoa, goizaldean, eztabaida baten erdian, gizonak bikotekide ohia jo zuenean.

Hainbat auzokok gertatutakoaren berri emandakoan, Ertzaintzaren patruila bat bertaratu zen. Gizona ez zegoen bertan, eta emakumea Hernaniko anbulatoriora eraman zuten, artatzera.

Ertzaintzak Usurbilen aurkitu zuen gizona, egun horretan bertan, eta atxilotu egin zuen.

Astelehen honetan eman dute gertatutakoaren berri; izan ere, Usurbilgo Udalak adierazpena egin du, "eraso sexista" hori salatu eta elkarretaratzea deitzeko. Mikel Laboa plazan egingo dute, asteartean.

Usurbilgo Udalaren esanetan, epaileak urruntze-agindua ezarri zion erasotzaileari.

 __________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Umeak tratu txarrak Indarkeria matxista Espainian Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Albisteak Gaur Gasteiz berriak Usurbil albisteak Eguneko albisteak Tratu txarrak jasan dituzten emakumeentzako laguntza