Gizartea -
Zentral nuklearra
Garoña eraisteko lanak 2019an hasiko dituztela iragarri du Nuclenorrek
Enpresa plana idazten amaitzen ari da, eta 2019ko lehen hilabeteetarako nahitaezko oniritziak jasotzea aurreikusi du.
Agentzia | Erredakzioa
Garoñako zentral nuklearra eraisteko lanak 2019ko bigarren seihilekoan hasiko dituzte, zentralaren jabeak, Nuclenorrek, Burgosko Valle de Tobalina udalerriko Udalari jakinarazi dizkion aurreikuspenen arabera.
Raquel Gonzalez alkateak zehaztu duenez, Nuclenorrek esan du plana idazten amaitzen ari dela, eta 2019ko lehen hilabeteetarako nahitaezko oniritziak jasotzea aurreikusi duela, horien artean, Segurtasun Nuklearraren Kontseiluarena eta Zaborren Enpresa Nazionalarena.
Iazko abuztuan enpresak Garoña behin betiko itxiko zutela jakinarazi zuenetik, horren inguruan, hamar kilometroko eremuan, dauden 14 herrik garapen-plan alternatibo bat egin dute, eta irailaren amaieran aurkeztuko dute, alkatearen esanetan. Azken moldaketak besterik ez zaizkiola falta gaineratu du.
Inguru horren potentziala eta natur baliabideak bultzatzeko dauden aukerak aztertu omen dituzte bertan.
Raquel Gonzalezen hitzetan, planak proiektu bateratu bat proposatzen du, herri bakoitzerako jardun puntualetan oinarrituta, baina guztiak garatzeko estrategia bat sustatuz.
Valle de Tobalina udalerriko alkateak nabarmendu duenez, gune horrek ez du proiektu handirik eskatzen; izan ere, ez lirateke bideragarriak izango eta guneari kalte egiten amaituko lukete.
Horren ordez, "enpresa proiektu txikiak" bultzatzearen alde egin du, landa-eremuari "kalte egingo ez dioten enpresak" sustatzeko.