Gizartea -
Indarkeria matxista
Elkarretaratzea egin dute Donostian, asteburuan izandako eraso sexistak gaitzesteko
Ehunka pertsona bildu dira bi erasoak salatzeko elkarretaratzean, eta "elkartasuna eta babes osoa" eskaini diete erasoak pairatu dituzten emakumeei.
Agentziak | Erredakzioa
Asteburuan izandako eraso sexistak gaitzesteko elkarretaratze jendetsua egin dute astelehen honetan Donostiako Piratek eta Mugimendu Feministak. Hala, gizonen eta emakumeen arteko harremanak gaur egun "heteropatriarkatu kapitalistak zeharkatzen ditu", bertan adierazi dutenez.
Ehunka pertsona bildu dira Donostiako Aste Nagusian izandako bi eraso sexistak salatzeko elkarretaratzean, eta "elkartasuna eta babes osoa" eskaini diete erasoak pairatu dituzten emakumeei. Halaber, "ezkutuan geratzen diren erasoak salatzeko deia" egin dute.
Bestalde, Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "erabat" gaitzetsi ditu asteburuan izan diren indarkeria matxistaren kasuak, eta "baloreetan eta berdintasunean" heztea eskatu du.
Batzordea azken egunotan izan diren bi gertaerak aztertzeko bildu da: bide publikoan "grabazio kamera txikiak" jarri dituen gizonarena, bata, eta igande goizaldean emakume batek salatu zituen sexu-abusuak (gizon batek ukituak egin zizkion ipurmasailean, eta ihes egin zuen), bestea.
Adierazpen instituzional batean, Udalak "babesa eta elkartasuna" adierazi die "abusu tamalgarri hauek jasan dituzten emakumeei", eta Udalaren "arreta zerbitzuak eta babes juridikoa, soziala eta psikologikoa" jarri ditu biktimen eskura, "baita beharrezkoa duten laguntza guztia ere".
Udalak elkarretaratzea deitu du astearte honetarako, udaletxe parean, gertaera horiek gaitzesteko, eta bat egingo du helburu horrekin antolatzen den ekitaldi guztiekin.
Grabazio kamera txikiekin harrapatuta
Ertzaintzak bide publikoan "grabazio kamera txikiak" jartzen ari zen gizon bat atxilotu du Aste Nagusiko jaietan astelehen goizaldean, Donostian, "emakumeek txiza egin ohi duten leku batean", Udaltzaingoak jakitera eman duenez.
Gizona atxilotu egin dutela besterik ez du adierazi Segurtasun Sailak, gaia "ikerketa" fasean dagoelako oraindik.
Udaletik azaldu dutenez, atxilotuak sei kamera txiki zeramatzan, baita "grabazioak" zituen telefono mugikor bat ere.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, epailearen esku utzi aurretik egin beharreko eginbideak betetzera.
-------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.