Gizartea -
Gertaera
Aguraingo Aldanondo gaztandegia kiskali da, sute baten ondorioz
Sutea 01:15ean piztu da, eta ez zegoen langilerik bertan; beraz, ez da inor zauritu. Oraindik ez dakite zerk piztu duen sua.
Agentzia | Erredakzioa
Aldanondo gaztandegiak Aguraingo (Araba) industrialde batean duen lantegia kiskali da astelehen goizean, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Sutea 01:15ean piztu da, eta ez zegoen langilerik bertan; beraz, ez da inor zauritu. Oraindik ez dakite zerk piztu duen sua.
Suhiltzaileak bertaratu dira, sutea itzali eta beste pabiloietara zabaltzea ekiditeko. Goizeko lehen ordurako hartu dute kontrolpean sutea.
Arabako Foru Aldundiak kezka adierazi du enpresaren eta bertan lan egiten duten 55 pertsonen etorkizunaren aurrean, eta laguntzeko prest agertu da, egoerari aurre egin ahal izateko.
Lehen orduan jarri dira harremanetan Arabako Foru Aldundiko ordezkariak Aguraingo Udalarekin, batetik, eta Aldanondoko arduradunekin, bestetik.
Eduardo Aguinaco Nekazaritza Saileko diputatua sutea izan den lekura joan da, informazioa bertatik bertara jasotzera eta Aldanondoko arduradunei bilera bat egiteko "erabateko prestasuna" agertzera, suteak eragindako egoera konpontzeko aukerak aztertze aldera.
Bi milioi kilo gazta
Aldanondoko gaztandegian bi milioi kilo gazta inguru zeuden. Enpresatik adierazi dutenez, "hondamendia" izan da, eta galera "oso handiak" izango dituztela aurreikusi dute. Datozen egunotan zehaztuko dute zenbaterainoko kalteak izan dituzten.
Mikel Aldanondok Eferi adierazi dionaren arabera, enpresak beste planta batzuk dauzka, Olaberrian (Gipuzkoa) bata eta Galdakaon (Bizkaia) bestea, baina kiskali den lantegian egiten dute gazta.
Aldanondoren esanetan, kaltea erabatekoa da, eta lantegi osoa erre da sutean, eta bulegoen zati bat. "Gainerakoa, makinak, ekoizpen gunea, biltegia, kiskalita dago dena", azaldu du.
Gaineratu duenez, alarmei esker izan dute sutearen berri, eta sentsore kopuru handia aktibatu direlako jakin dute suhiltzaileak bidali behar zituztela.
Aldanondo enpresak 50 urte baino gehiago daramatza gaztagintzan, eta, besteak beste, Idiazabal, Erronkari, Arzua-Ulloa eta Tetilla gaztak egiten ditu.