Gizartea -
ETORKINAK
Migratzaileentzako oheak bermatzeko eskatu dio SOS Arrazakeriak Irungo Udalari
Astelehenetik aurrera lo egiteko lekurik gabe gera daitezkeela migratzaileak salatu dute Bidasoaldeko harrera taldeek, eta irtenbideak eskatu dizkiete Udalari eta Eusko Jaurlaritzari.
EUSKADI IRRATIA | EITB.EUS
Ostegunean Gurutze Gorriak 52 migratzaile Irunera eraman ostean, Martindozenea Gaztelekuan 60 ohe prestatu ditu asteburu honetarako Udalak. Jatekoa, mediku arreta eta lo egiteko tokia eskaini zaie bertan, baina Udalak besterik erabaki ezean, igande gauean itxiko ditu ateak behin-behineko aterpe honek, eta horrek kalean utzi ditzake dozenaka migratzaile, Bidasoaldeko SOS Arrazakeriak salatu duenez.
Komunikabideen aurrean egindako agerraldian, Jaione Berridi SOS Arrazakeriako kideak "migratzaileentzako oheak bermatzeko" eskatu die Irungo Udalari eta Eusko Jaurlaritzako koodinazio mahaiari.
Izan ere, zenbaketa zehatza egitea ezinezkoa den arren, egunero 60-70 migratzaile dabiltzala joan-etorrian Irunen kalkulatzen du harrera taldeak, eta beharrezkoa dela Europa iparralderako bide horretan non geratua izatea.
25 pertsonak kalean pasatu dute gaua
Asteburu honetarako espreski jarri dituzten 60 plaza horiekin Irunek bikoiztu egin ditu migratzaileentzako jarritako babeslekuak (normalean 28 ohe egoten dira), baina hala ere, kalean pasa behar izan dute gaua 25 pertsonak. Izan ere, "3 eguneko legea dago orain indarrean: gehienez hiru egunez lo egin dezakete migratzaileek gune horietan, eta bart 35 ohe erabili gabe geratu dira, 25 lagun kalean geratzen ziren bitartean" azaldu dute Bidasoaldeko harrera taldeetatik.
Hori salatzeko kontzentrazioa egin dute gaur eguerdian Irungo udaletxearen aurrean.
Momentuz, hiru egunetarako babeslekua eskaintzen diete Irunen, baina aurreko ostiralean Eusko Jaurlaritzako koordinazio mahaiak egonaldia beste bi egunez ere luzatu daitekeela erabaki zuen. Hala ere, neurri hori ez dago oraindik indarrean.
Frantziatik egiten diren itzulketei kritikak
1.200 migrante iritsi dira Euskadira ekainetik, Gurutze Gorriak ohartarazi duenez. Ostegunean 200 pertsona iritsi ziren. 52 Irunera, 55 Gasteizera eta gainerakoak Bizkaira eraman zituzten.
Migratzaile hauen gehiengoak Frantziara eta Europa iparraldera joan nahi du. SOS Arrazakeriak salatu duenez, Frantziako Poliziak berehala Irunera itzultzen ditu han harrapatzen dituzten migratzaileak, eta horiek jada Irungo harrera azpiegiturak erabili badituzte, berriz ere erabiltzeko aukerarik gabe geratzen dira.
Pertsona hauei lagundu nahi dietenei ere ohartarazpena egin diete SOS Arrazakeriatik. Poliziak migratzaileei muga pasatzen laguntzen harrapatuz gero, arazo legalak izan ditzakete.