Gizartea -
Indarkeria matxista
26 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen bikotekideari eraso egiteagatik
Asteazken arratsaldean, 16:00ak aldera, Udaltzaingoari deitu zioten, Salburuko etxebizitza batean eztabaida beroa izaten ari zela jakinarazteko.
Agentziak | Erredakzioa
26 urteko gizon bat atxilotu dute Gasteizen, bikotekideari eraso egiteagatik. Gertakariak Salburua auzoko etxebizitza batean jazo ziren, eta biktima gela batean ezkutaturik eta negarrez aurkitu zuen Udaltzaingoak.
Asteazken arratsaldean, 16:00ak aldera, Udaltzaingoari deitu zioten, Salburuko etxebizitza batean eztabaida beroa izaten ari zela jakinarazteko, Udalak agiri baten bidez jakitera eman duenez.
Bertaratu ziren udaltzainek garrasi ozenak eta emakume baten negarra entzun zituzten etxebizitza baten barruan, baina agenteek atea jo zutenean, isiltasuna nagusitu zen. Udaltzainek behin baino gehiagotan deitu behar izan zuten, eta, azkenean, gizon batek ireki zien atea.
Agente batzuek gizona galdekatzen zuten bitartean, beste batek gauza bera egin zuen emakumearekin, gela batean ezkutaturik, makurturik, negarrez eta beldurturik topatu ondoren. Erasoaren markak zituen aurpegian eta lepoan.
Bikotekidearekin eztabaida izan zuela eta gizonak jo egin zuela onartu zuen biktimak. Gainera, aurretik ere tratu txarrak jasan dituela jakinarazi zien.
Bi aldeekin hitz egin ondoren, udaltzainek atxilotu egin zuten gizona. Larrialdi zerbitzuek etxebizitzan bertan artatu zuten emakumea.
____________________________________________________
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.