Gizartea -

Emakumeen aurkako indarkeria

Zumarragako zentroan sartu dute Gasteizko adingabearen ustezko erasotzailea

Arabako Adingabeen Fiskaltzak agindu du Gipuzkoako udalerriko adingabeen zentro itxian sartzea.

Ehunka pertsona Gasteizko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
Ehunka pertsona Gasteizko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE
Ehunka pertsona Gasteizko udaletxearen aurrean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Adingabeen Fiskaltzak Zumarragako (Gipuzkoa) adingabeen zentro itxira bidali du asteazkenean neska adingabe bati Gasteizko jaietan ustez sexu-erasoa egin zion mutikoa, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

Erasoa asteazken goizaldean gertatu zen Florida parkean. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen eta bi mutiko identifikatu gertakariarekin lotuta. Azkenean, bi horietako bat atxilotu eta komisaldegira eraman zuten. Gaur goizean Arabako Adingabeen Fiskaltzaren esku utzi dute.

Epailearen aurrean deklaratu ostean, arratsaldeko zortziak inguruan agindu du Fiskaltzak ustezko sexu-erasotzailea Zumarragako adingabeen zentroan sartzea, eta Ertzaintzak eraman du bertara.

Elkarretaratze jendetsua

Sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute ehunka pertsonak udaletxe aurrean, Gasteizen. Era berean, gertakaria salatzeko manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean.

Elkarretaratzea Gasteizko Udalak deitu du. Manifestariek biribil bat egin dute Espainia Plazan, pankarta more baten inguruan, “Gasteiz, eraso matxisten aurka” lelopean. Arabako Aldundiaren zein Udalbatzaren ordezkari politikoek elkarretaratzean parte hartu dute.

15 minutuko isilunea egin dute manifestariek. Aldi berean, plazan egiten ari ziren jaietako elkartasun dastatzea eten dute. Isilunea amaitu denean txalo egin dute parte-hartzaileek.

Ekitaldiaren ondoren, sexu-erasoak berriro gaitzetsi ditu Gorka Urtaran alkateak komunikabideen aurrean, neskatoari egindakoa, baita jaietan izandako sexu-abusu guztiak ere. Azkena goizaldean gertatu zen, gizon batek emakume bati ukituak egin zizkion, haren baimenik gabe.

 

Urtaran: "Emakumeek bizi dituzten egoerak XXI. mendean ezin dira inon onartu"

 

“Indarkeria matxista gertakizun berria irmo gaitzetsi nahi du Udalak. Emakumeek bizi dituzten egoerak XXI. mendean ezin dira inon onartu: berdintasun, ongizate eta segurtasun falta”, esan du Urtaranek. “Indarkeria matxistaren aurrean oso irmo” erantzutea eskatu du alkateak.

Biktimari elkartasuna adierazi dio alkateak, eta egoerari aurre egiteko Udaleko zerbitzu guztiak haren esanetara daudela gogorarazi du. Gertakarien aurrean herritarrek emandako erantzuna goraipatu du buruzagiak: “ez dute errespetu faltarik, jokabide matxistarik, eta are gutxiago, erasorik onartu”.

“Gertakariak gaitzesten hemen izango gara beti, indarkeria matxista salatzen eta gizarte bidezkoago eta berdinago bat aldarrikatzen”, erantsi du.

 

 

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Andre Maria Zuriaren Jaiak Indarkeria matxista Delituak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Matxismoa Feminismoa