Gizartea -

Iruñea

Gobernuaren 'elkarrizketarako borondatea' zalantzan jarri du Maravillas gaztetxeak

Kolektiboaren hitzetan, Foru Exekutiboak “errepresioaren aukera egin izan du beti”. Gaztetxea “husteko mehatxua” salatu du LAB sindikatuak, eta “atzera egiteko” eskatu dio Geroa Bairi.

Artxiboko irudia: Maravillas gaztetxea
Artxiboko irudia: Maravillas gaztetxea
Artxiboko irudia: Maravillas gaztetxea

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rozalejoko Markesaren Jauregia, Maravillas gaztetxea, 2017ko irailetik kudeatzen duen kolektiboak Nafarroako Gobernuaren “elkarrizketarako borondatea” zalantzan jarri du gaur; izan ere, Foru Exekutiboak “errepresioaren aukera egin izan du beti”.

Maria Solana Foru Gobernuko bozeramailearen adierazpenak aztertu dituzte gazteek agiri batean. Navarreria plazako eraikina “lasai eta modu baketsuan” husteko asmoa agertu zuen Solanak asteazkenean. Orain dela gutxi erakina husteko kautelazko neurriak hartzeko eskaria egin zuen Foru Exekutiboak.

2017ko irailaren 3an, eraikinean sartzera eraman zituen prozesua gogorarazi dute gazteek agirian. “Oztopoak, gezurrak eta erakundeek emandako hitza ez betetzea ohikoak ziren”, kritikatu dute. Eraikinean sartu eta egun bat geroago, Nafarroako Gobernuak salatu zituela erantsi dute, nahiz eta epaileak bitartekotzari bide eman.

“Bi hilabete Gobernuarekin aurrez aurre mahaian eserita eman genituen, Maravillas gaztetxea bizirik mantentzeko konponbide bat bilatu nahian. Hala ere, aurrean hormigoizko horma hutsa izan genuen; eskaintzen ziguten gauza bakarra 'Kanpora eta kalteak ordaindu' izan baitzen”, azpimarratu dute.

"Euren jarrera hori izango baldin bada, gure burua defendatuko dugula jakin dezatela"

Gainera, eurak kalterik sortu izana ukatu dute, alderantziz, “20 urtez abandonaturik izan den tokia konpontzea eta auzoari zabaltzea” izan da beraien lana.

Horrela, bitartekotza prozesuak emaitzarik eman ez eta bide judizialak jarraitu du. Nafarroako Gobernuak, akusazio partikular gisa, eraikina hustea eskatu du kautelazko neurri bezala.

Horregatik, “jarrera erasokorra” leporatzen dieten akusazioen inguruan ironiaz mintzatu dira gazteak. Kolektiboaren ahotan, Gobernuaren jarrera hori da, eta gainera, “hitz egiteko borondate eza egotzi digu lotsagabe, BETI errepresioaren aukera egin dutenean”. “Euren jarrera hori izango baldin bada, gure burua defendatuko dugula jakin dezatela”, ohartarazi dute.

Bestalde, eraikina “husteko mehatxua” salatu du LABek, eta “atzera egiteko” eskatu dio Geroa Bairi. Gaztetxea “erabiltzeari utzitako lokal publiko batean martxan jarritako proiektu sozial bat da, ehunka gazteren ekarpen boluntarioari esker”, nabarmendu du sindikatu abertzaleak agiri batean.

Azkenik, goizaldean ezezagunek Zizur Nagusiko udaletxearen fatxadan "Geroa Bai utzi pakean Maravillas" pintada egin dutela salatu du Gero Baik.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Geroa Bai Nafarroa LAB Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Iruñeko Udala Gazteak albisteak