Gizartea -
Indarkeria matxista
Ehunka pertsonak adingabearen aurkako sexu-erasoa gaitzetsi dute Gasteizen
Elkarretaratzea Udalak deitu du. Manifestariek biribil bat egin dute Espainia Plazan, pankarta more baten inguruan, “Gasteiz, eraso matxisten aurka” lelopean.
Agentziak | Erredakzioa
Asteazken goizaldean adingabe bati egindako sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egin dute ehunka pertsonak udaletxe aurrean, Gasteizen. Era berean, gertakaria salatzeko manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean.
Elkarretaratzea Gasteizko Udalak deitu du. Manifestariek biribil bat egin dute Espainia Plazan, pankarta more baten inguruan, “Gasteiz, eraso matxisten aurka” lelopean. Arabako Aldundiaren zein Udalbatzaren ordezkari politikoek elkarretaratzean parte hartu dute.
15 minutuko isilunea egin dute manifestariek. Aldi berean, plazan egiten ari ziren jaietako elkartasun dastatzea eten dute. Isilunea amaitu denean txalo egin dute parte-hartzaileek.
Ekitaldiaren ondoren, sexu-erasoak berriro gaitzetsi ditu Gorka Urtaran alkateak komunikabideen aurrean, neskatoari egindakoa, baita jaietan izandako sexu-abusu guztiak ere. Azkena goizaldean gertatu zen, gizon batek emakume bati ukituak egin zizkion, haren baimenik gabe.
“Indarkeria matxista gertakizun berria irmo gaitzetsi nahi du Udalak. Emakumeek bizi dituzten egoerak XXI. mendean ezin dira inon onartu: berdintasun, ongizate eta segurtasun falta”, esan du Urtaranek. “Indarkeria matxistaren aurrean oso irmo” erantzutea eskatu du alkateak.
Biktimari elkartasuna adierazi dio alkateak, eta egoerari aurre egiteko Udaleko zerbitzu guztiak haren esanetara daudela gogorarazi du. Gertakarien aurrean herritarrek emandako erantzuna goraipatu du buruzagiak: “ez dute errespetu faltarik, jokabide matxistarik, eta are gutxiago, erasorik onartu”.
“Gertakariak gaitzesten hemen izango gara beti, indarkeria matxista salatzen eta gizarte bidezkoago eta berdinago bat aldarrikatzen”, erantsi du.
Adingabe atxilotua, Fiskaltzaren esku
Bestalde, adingabe atxilotua Fiskaltzaren esku jarri dute goizean. Arabako Foru Aldundiak Bidebarria zentroan aterpe emandako adingabe atzerritar bat da. Gaua polizia-etxean eman du, eta epailearen erabakiaren zain dago orain.
Adingabea Aldundiak hartu zuen; izan ere, denbora gutxi darama Gasteizen. Babespean uzteko hiru bat hilabete behar dituzte erakundeek normalean.