Gizartea -
EUSTAT
Euskadiko emakumeen bizi itxaropena Europako altuena da: 86,2 urte
Gizonen kasuan, suediarrek soilik gainditu dute Euskadiko gizonen bizi itxaropena; 80,4 urtekoa da Suediako gizonena eta 80,3koa, Euskadikoena.
agentziak | erredakzioa
Euskadiko emakumeen bizi itxaropena, 86,2 urtekoa, Europar Batasuneko altuena da: 83,3 urtekoa da EBko batezbestekoa. Gizonezkoei dagokienez, bizi itxaropena 80,3 urtekoa da Euskadin, eta 77,9koa, EBn.
Eustat Euskal Estatistika Institutuak gaur, osteguna, plazaratu ditu datuok. Txostenak 2005 eta 2015 arteko datuak jaso ditu, eta epe horretan Euskadiko emakumeen bizi kalitatea 84,3 urtetik 86,2ra igo da, eta gizonena, 77,2tik 80,3ra.
Espainian, emakumeen bizi itxaropena, batez beste, 85,8 urtekoa zen 2015ean, eta 80,1 urtekoa zen gizonena.
EBko emakumeekin alderatuta, EAEko emakumeak ziren 2015ean bizi itxaropen altuena zutenak, eta hauek ziren hurrengoak: Espainiakoak (85,8), Frantziakoak (85,5), Italiakoak (84,9), Luxenburgokoak (84,7), Finlandiakoak (84,4), Portugalgoak (84,3) eta Suediakoak (84,1).
Gizonen kasuan ere, EAEk (80,3 urte) aise gainditzen zuen EBko herrialdeen batezbestekoa (77,9) 2015ean. Bizi itxaropenaren sailkapenean, suediarrek bakarrik gainditu zituzten EAEkoak (80,4), eta italiarrak (80,3) eta espainiarrak (80,1) ageri ziren gero. Zerrendaren bukaeran, berriz, bizi itxaropen txikiena dutenen artean, hauek daude: Lituania (69,2), Letonia (69,7), Bulgaria (71,2) eta Errumania (71,5).