Gizartea -
Bizkaia
Hamabi ordu behar izan dituzte Zallako zabortegiko sutea itzaltzeko
Suhiltzaileek denbora gutxian lortu dute mendean hartzea, baina luze jo dute itzaltzeko lanek. Baliteke sua tximista batek piztu izana.
EITB.EUS
Prentsatutako paper muino batek su hartu du gaur goizean Zallako zabortegian (Bizkaia), oraindik argitzeke dauden arrazoiak medio, baina baliteke tximista batek piztu izana.
Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek eitb.eus-i jakinarazi diotenez, sutea 06:10ean piztu da, Las Lagunas zabortegiko mugatutako eremu batean. Balmaseda eta Uriote parkeetako suhiltzaileak joan dira, eta garrak mendean hartzea lortu dute ordu gutxian.
Sutea mugatuta eta kontrolatuta zegoen arren, luze jo du amatatzeko lanak, iturrion arabera. Lurrarekin eta aparrarekin aritu dira itzaltzen, zehaztu dutenez.
Sutea zerk eragin duen ikertzen ari dira, baina litekeena da tximista batek piztu izana. Bizkaiko Aldundiko iturriek azpimarratu dute ez dagoela inolako arriskurik ingurugiroarentzat edota herritarrentzat.
Sutea mugatuta dute suhiltzaileek. Argazkia: Iker Salgado