Gizartea -
Iruñea
Maravillas gaztetxea babesteko deia egin dute, Gobernuak husteko eskaria egin ostean
Nafarroako Gobernuak eraikina badaezpada husteko eskaria egin duenetik, gaztetxean jarduteko txandak eta ekimenak antolatzen ari dira.
Euskadi Irratia | eitb.eus
Iruñeko alde zaharreko Maravillas gaztetxea defendatzeko deia egin dute eraikina okupatu duten kolektiboek, berehala husteko agindu baten berri izan ostean.
Nafarroako Gobernuak eraikina badaezpada husteko eskaria egin duenetik, gaztetxean jarduteko txandak eta ekimenak antolatzen ari dira.
11 hilabete pasatu dira Iruñeko Navarreria kaleko Rozalejoko markesaren jauregia okupatu zutenetik, eta Nafarroako Gobernua da eraikinaren jabea.
Kolektiboak sare sozialetan adierazi duenez, "hilabete hauetan zehar, auzolanen bitartez, gazteriak eta kolektiboak auzoarentzat espazioa txukuntzen joan dira proiektu ezberdinak eraikiz. Herri palestra, zinema herrikoia, jantoki soziala, taberna, liburutegia, euskaltegia, elkartasun elikagai bankua… horren fruitu izan dira. Maravillas esparru kolektiboa da, zeinetan edozein proiektuk bere jardun politikoa edota soziokulturala garatu dezake, murrizketarik gabe. Elkargune bat non gizarte eredu kapitalistari aurre egiteko edozein ekimen garatu daiteke".
Gainera, benetako aldaketa politikoan honelako proiektuak ezinbestekoak direla ohartarazi diote gaztetxeko kideek Geroa Bairi.