Gizartea -
Migrazioa
Migratzaileei eman beharreko arreta udaletatik haratago doala esan du Goiak
Donostia eta Irunera heltzen diren migratzaileek behar duten arretak "ikuspegi integrala eta globala" behar du, Gipuzkoako hiriburuko alkatearen iritziz.
Agentziak | Erredakzioa
Donostiako alkate Eneko Goiaren arabera, migratzaileei emandako arretak "ikuspegi integrala eta globala" behar du, eta "ezaugarri honetako arazo bati eman beharreko erantzuna soilik bi udaletan ardaztea, Donostian eta Irunen, ez da egokia".
Irun eta Donostiako zenbait herri elkartek eta alderdi politikok egindako kritikei erantzun die Goiak, azken asteetan heldu diren eta bidean dauden migratzaileek jasotako arreta publikoari buruz.
"Ez dut esango Udalak ez duenik erantzunik eman behar egoera hauen aurrean. Dagokiona eman beharko du, baina garrantzi honetako arazo bati eman beharreko erantzuna" soilik bi udaletan "ardaztea ez da egokia", esan du Goiak.
Bere iritziz, "askoz zabalagoa den egoera" bat da, Estatu osoari eragiten diona, Euskadik "aurretik bide bat egin duen" fenomeno baten zati bat baino ez duelako jasotzen.
Donostiari dagokionez, Udala Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean dagoela esan du alkateak, egoeraren eboluzioa eta sor daitezkeen behar berriak ezagutzeko. Tartean, adibidez, migratzaileen zentroko egonaldia hiru egunetik bostera luzatzea.
Gipuzkoan mota honetako bi aterpe daude, Irunen eta Donostian. Bakoitzak 25 pertsonarentzako tokia dauka, eta zenbait momentutan 70 ere izan daitezke.
Hiriburuko zentroari dagokionez, Goiaren arabera "datuek" ez dute herri elkarteek botatako mezua “berresten”. Alkateak esan duenez, astelehenean hamar lagunek bazkaldu eta lo egin zuten, eta igandean, hamazortzik. “Zentroaren zenbakien barruan gaude”, esan du Goiak.