Gizartea -
gasteiz
Gizon bat atxilotu dute Txagorritxu Ospitalean sutea eragitea leporatuta
Atxilotuak -44 urte- piztu omen zuen sua larunbat gauean, ospitalean arropa gordetzen den lekuan, eta, ondorioz, larrialdietako gunea hustu behar izan zuten.
agentziak | erredakzioa
Gasteizko Udaltzaingoak 44 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, astelehena, goizean, larunbat gauean Txagorritxu Ospitalean sutea piztea leporatuta, Udaletik jakinarazi dutenez.
Sua 22:45ean piztu zen, arropa dagoen lekuan, eta 15 minutuan itzali zuten. Inor zauritu ez bazen ere, eta eraikinaren segurtasunean eraginik izan ez bazuen ere, larrialdietako gunea hustu behar izan zuten, ke handia eragin baitzuen.
Atzo goizean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpon Osasun sailburua suteak kaltetutako gunean izan ziren, eta ospitaleko zuzendaritzako kideekin bildu ziren, gertatutakoa aztertzeko.
Lehendakariak ospitaleko langileen jarrera goraipatu zuen: "Euren etxeetan zeudenak ere joan ziren laguntzera, eta, euren lanari esker, gaixo zein langileek inolako arriskurik izatea saihestu, eta zerbitzua berehala berrezartzea lortu zuten".