Gizartea -

Andre Maria Zuria 2018

Eraso sexistarik gabeko jaiei ongietorria egin diete Gasteizen

Sexismoaren aurkako ikur moduan aterki moreakin iritsi da Zeledon Gasteizera. Datozen sei egunetan 350 ekitaldiz gozatzeko aukera dute gasteiztarrek eta bisitariek.

Zeledonen jaitsiera. Argazkia: EiTB
Zeledonen jaitsiera. Argazkia: EiTB
45.000 festazale baino gehiago izan dira Gasteizen Zeledonen jaitsieran

1:26

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urtero bezala, Gasteizko Andre Maria Zuriko plazara iritsi da Zeledon, Arabako hiriburuko festei hasiera emanda. Zeledoni harrera egiteko, milaka herritar bildu dira, bero handia gorabehera, eta indarkeria matxistaren aurkako arropa moreak nonahi izan dira ikusgai. Izan ere, Zeledon bera ere aterki morea batekin heldu da plazara, Mikel Deunako kanpandorretik jaitsi ostean.

Behin udaletxeko balkoian, Zeledonek jaietako zapia jarri die aurtengo txupineroei, Gasteizko adineko herritarrak ordezkatu dituzten lau pertsonei, alegia. Horiek izan dira, hain justu, 18:00ak pasata, txupinazoaren suziria bota dutenak.

Zeledonek hamar minutu inguruko ibilbidea egin du gero oinez udaletxeraino eta, behin balkoian, plazan bildutakoei zuzendu zaie bertan ez daudenei besarkada handia bidaliz. "Entzun", esan die guztiei, "ez da ez". Gasteizek eraso sexistarik ez dituela onartuko azpimarratu nahi izan du Zeledonek, udaletxeko balkoian irakurgai diren bi pankartek dioten bezala. Bestalde, plazatik bidea egiten lagundu diotenei eskerrak eman dizkie Zalduondoko baserritarrak.

 

Eraso matxistei gaitzespen garbia

 

Beirazko ontziak eta potoak plazara sartzea debekatu du Gasteizko Udalak bigarren urtez, eta Udaltzaingoak dispositiboa abiatu du hori bermatzeko. Bestalde, berriro erabili daitezkeen plastiko gogorrezko 17.000 edalontzi banatu ditu Udalak, more kolorekoak ere, jaietan erabiltzeko eta zabor-kopurua murrizteko asmoz.

Ordezkari politiko anitz izan dira Gasteizko txupinazoan, hala nola, Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Beatriz Artolazabal Lana eta Politika Sozialetarako sailburua, Alfredo Retortillo Turismo sailburua, Andoni Ortuzar EAJren burua, Javier Maroto PPko Antolakuntzarako idazkariordea, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak "errespetu handiz jaiaz gozatzeko" opa die gasteiztarrei, azpimarratuz garrantzitsuena dela "dibertitzea, baina errespetutik abiatuta".

Datozen sei egunetan 350 ekitaldiz gozatzeko aukera dute gasteiztarrek eta bisitariek. Lehenengo ekitaldia hirigunetik gaur gauean isiltasunean egingo duten Farolen Arrosarioko prozesioa izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andre Maria Zuriaren Jaiak Araba Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Jaiak Gasteizko jaietako egitaraua Aisia Uda