Gizartea -
Sevillan atxilotu zuten
Espetxeratu egin dute Angel Boza 'La Manada'ko kidea
Boza ostegunean atxilotu zuten, Sevillan, eguzki betaurreko bat lapurtzen saiatzeagatik eta bi zaindari harrapatzen saiatzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Gutierrez Casillas Sevillako Instrukzioko 16. Epaitegiko epaileak Angel Boza 'La Manada'ko kidea behin-behinean espetxeratzea agindu du, bermerik gabe.
Boza ostegunean atxilotu zuten, Sevillan, saltoki handi batean eguzki betaurreko batzuk osten saiatzeagatik eta bi zaindari autoarekin harrapatzen saiatzeagatik.
'La Manada'ko kidea ostiral honetan eraman dute epailearen aurrera, eta horrek kartzelatzea agindu du.
Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiko iturriek baieztatu dutenez, erabakia pertsonen aurkako indarkeria erabiliz ustez egindako lapurreta delitu batengatik hartu du epaileak. Oraingoz delitu hori aztertzen ari dira.
Boza epailearen aurrera eraman dute Sevillako Instrukzioko 16. Epaitegian. Lehentxeago, Udaltzaingoaren aurrean deklaratzeari uko egin dio atxilotuak, haren abokatuak, Agustin Martinezek, jakitera eman duenez.
Nafarroako Lurralde Auzitegiari atxiloketaren berri eman diotela erantsi du abokatuak; izan ere, 2016ko sanferminetan gazte bati sexu-abusuak egiteagatik zigortu zuen auzitegi horrek, nahiz eta epaia oraindik irmoa ez izan, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean helegitea aurkeztu baitute.
Bozaren abokatuak zehaztu duenez, Sevillako Instrukzioko 16. Epaitegiko epailearen aurrean deklaratu du Bozak, Udaltzaingoaren aurrean deklaratzeari uko egin ostean. Galdekatu ostean, epaileak espetxera bidali du atxilotua.