Gizartea -

ESTORTSIOA

Posta elektroniko bidezko estortsio kanpaina batez ohartarazi du Ertzaintzak

Mezuarekin batera argazki edota bideoak bidaltzen dizkiote biktimari, eta 400 euro ordaindu ezean irudiak publikatzeko mehatxua egiten diote. Azken egunotan, hogei bat salaketa jaso ditu Ertzaintzak.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Posta elektroniko bidez zabaltzen ari den estortsio kanpaina batez ohartarazi du Ertzaintzak. Mezuarekin batera argazki edota bideo konprometituak bidaltzen dizkiote biktimari, eta 400 euro (bitcoinetan) ordaindu ezean irudiak publikatzeko mehatxua egiten diote. Azken egunotan, hogei bat salaketa jaso ditu Ertzaintzak.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, bereizketarik gabeko kanpaina masiboa izaten ari da.

Lehen ikerketen arabera, iruzurgileek @bol.com.br domeinuko posta elektronikoetatik egiten dituzte bidalketak. Mezuak modu inkoherentean idatzita daude, baina ulertzeko modukoak ei dira. Balizko biktima gehienak Yahooko erabiltzaileak dira, baina Gmaileko zenbait kontutan ere jaso dituzte mezuak. Hori dela eta, ez dute baztertzen estortsioa beste domeinu batzuetara zabaltzea.

Segurtasun Sailaren esanetan, horrelako kanpainak urtero errepikatzen dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aldaketa txiki batzuekin. Oraingoan, ordainketa bitcoin bidez egitea eskatzen diote biktimari.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Delituak azken ordukoa Iruzurrak berriak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea